Gipuzkoa

Azpeitiko hiru ikastetxeek DBHko ikasleentzako errefortzu saioak eskainiko dituzte ikasturte berrian

Ikasketetan juxtu dabiltzaten herriko ikasleek klaseak, ikastaroak edo tailerrak egiteko aukera izango dute

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak Hedatu proiektua jarriko du abian Azpeitiko hiru ikastetxeetan hastear dagoen ikasturte berri honetan. Egitasmo honen bitartez, errefortzu klaseak, tailerrak eta era ezberdineko ikastaroak eskainiko zaizkie ikasketetan juxtu dabiltzaten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei.

Udalak eta herriko ikastetxeetako arduradunek joan den ikasturte amaierako azken bileran landu zuten Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen eta DBHko maila guztietako ikasleei zuzenduta dagoen Hedatze programa; eta kurtso berriarekin batera jarriko dute martxan.

Printzipioz, ekimena hurrengo bi ikasturteetan zehar garatuko da herrian eta epe horretan izaten duen arrakastaren arabera, jarraitzeko aukera izango du.

Azpeitiko Udaletik jakinarazi dutenez, Hedatze proiektuaren helburua “ikastetxeei irakastorduak eta irakastorduak ez diren une hezitzaileak uztartzeko aukera zabaltzea” da. Hala, hezkuntza komunitaterako elkarlana erraztu eta herriko ikasleekin proiektu ezberdinak landu ahal izango dira.

DBHko ikasle guztientzat

Beti bezala, Azpeitiko DBHko ikasle guztiek goizez klaseak izango dituzte; baina horretaz gain, arratsaldeko saioetan errefortzu tailerrak eta bestelako ikastaroak eskainiko zaizkie: “Hedatze programarekin ikastetxe bakoitzak beren tailer propioak izango dituen arren, Udalaren laguntzaz herriko ikastetxeetako ikasleek komunean tailer ezberdinez gozatu ahal izango dute, ekainean amaitu zen ikasturtearen azken astean antolatutako tailerrekin egin zen bezala”.

Dagoeneko, Kulturaz Kooperatibarekin elkarlanean kultur sormen tailerrak antolatu dira eta datorren ikasturterako kirol eta kultur jarduerak zein euskara errefortzuak antolatzeko lanetan ari dira ikastetxeak eta Udala. Tailerrak doakoak izango dira eta ikasle guztiek parte hartu ahal izango dute. Udaletik azpimarratu dutenez, Hedatze proiektuak Hezkuntza komunitatera zabaltzera lagunduko du, gizarteari irekitako hezkuntza bultzatuz: “Familiek zein kanpoko eragileek parte hartuko dute, elkarbizitzarako positibo izanik”.

Edonola ere, Hedatze programaren indargune nagusia errefortzu tailerretan jartzen da. Ikasketetan kili-kolo dabiltzanentzat errefortzu tailerrak derrigorrezkoak izango dira. Ikasgai guztietan errefortzu tailerrak eskainiko dira eta irakasleen jarraipen zuzena izango dute.

Ikasgai orduak goizez izan arren, ikastetxeen ordutegia arratsaldeetara ere luzatuko da. Errefortzu eta bestelako tailerrak 15.00etatik 17.00etara bitartean emango dira. – Jabi Leon

27/08/2022