Buscar
Gipuzkoa

Azpeitiko Jubilatuen Astea bihartik igandera bitartean ospatuko da

Bingo saioak, txokolatadak, hitzaldiak, tailerrak, txangoak eta 90 urtekoak omentzeko bazkaria izango dira

Pandemiak eragindako hiru urteko etenaren ondoren, Baigera elkarteak Udalaren laguntzarekin antolatzen duen Jubilatuen Astea bihartik datorren igandera bitartean ospatuko da berriro ere, ohitura denez, askotako ekintzekin.

Egitaraua abiatzeko txokolatada batekin bukatuko den bingo saioa izango da astelehen honetan (16.00etan hasita) Sanjuandegiko Baigeran.

Asteartean Irantzu Iturberekin Arteterapia eta Manex Beristainekin barreterapia tailerrak izango dira (16.00etan); eta asteazkenean Miren Egigurenen Venezuelako bizipenen inguruko hitzaldia egongo da (ordu berean) Baigera aretoan (horren ondoren mokadua izango da).

Ostegunean, berriz, Ezkioko Igartubeitiko tolare baserrira irteera izango da (15.00etan). Bisita horren ondoren parte hartzaileek afari-merienda egingo dute Aginagako Errasti sagardotegian (txangoaren prezioa 20 eurokoa da eta interesatuek bihar arte eman dezakete izena Baigeraren egoitzan).

Edonola ere, Jubilatuen Asteak ostiralean jarraituko du, Baigera Ien ospatuko den bingo bereziarekin (16.00etan). Hori amaitzerakoan Eguneko Zentroko erabiltzaileentzako txokolatada izango da.

Larunbatean Azpeititik Urrestillara ibilaldia (8.30ean) eta hamaiketakoa (txangoaren ondoren Sanjuandegiko Baigeran) izango dira eta igandean hamaiketakoa (11.00etan Baigera Ien), hildako bazkideen aldeko meza (12.30ean parrokian) eta 90 urteko herritarrak omentzeko bazkaria (14.15ean Kiruri jatetxean).

2022-11-07T07:33:04+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo