Gipuzkoa

Azpeitiko mendizaleentzako bi irteera daude asteburuan

Mendizaleak hilaren 1ean Aizkorrirako bidean. Argazkia: Lagun Onak M.B.

Azpeitia – Joan den urtean bere sorreraren 75. urteurrena ospatuta, Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunak ohiko jardunari heldu dio berriro ere eta 2022. urtea ondo hasteko mendizale guztien partaidetzari irekita dauden bi irteera antolatu ditu datorren astebururako.

Batetik, maiatzaren 14an estreinatuko den Domusa Teknik 40 Miliak distantzia luzeko mendi lasterketaren ibilbideko lehen zatia egiteko txangoa izango da larunbatean. Bestetik, Karakate eta Irukurutxeta mendiak lotzen dituen ibilbidea egiteko irteera egongo da igandean.

Larunbateko txangoari dagokionez, parte hartzera animatzen direnek 32 kilometro egin beharko dituzte, Azpeititik Mandubira, hain zuzen ere. Ibilbidean zehar, Gazume, Hernio eta Murumendi mendietako gailurrak zapalduko dituzte (irteera 8.00etan izango da Azpeitiko plazatik eta itzulera autobusez egingo da).

Igandeko ekintza adin guztietako mendizaleentzako egokia izango da eta parte-hartzaileek 500 metroko desnibela duen 14 kilometroko ibilaldia egingo dute. Mendizaleak 9.00etan aterako dira anbulatorio aurretik eta Azkaratetik abiatuta, Irukurutzeta eta Karakate gainetatik pasatuko dira, txangoa Elgoibarren amaitzeko.

Bi irteera hauetan parte hartzeko interesatuek lagunonakmb.org web gunean eman dezakete izena.

75. urtemugako posterra Lagun Onak Mendi Bazkunak 1946 eta 2021 arteko urte bakoitzean jaiotako 75 lagunen irudiekin ostutako posterra egin du eta nahi duten guztiek dagoeneko eskura dezakete mendi taldearen web gunean.

Klubetik jakinarazi dutenez, "azaroan egin behar genuen 75 Urte Egunean nahi genuen eman egitasmo honen berri, baina atzerapenak eta murrizketak medio, 2021. urtea joan egin zaigu". Edonola ere, 75. urtemugako posterra osatuta dago jada eta Mendi Bazkunak eskerrak eman nahi dizkie ekimen honetan parte hartzera animatu diren guztiei. Hauek elkartearen tabernan jaso dezakete posterraren kopia bana.

19/01/2022