Gipuzkoa

Azpeitiko San Silbestrea abian da

Azpeitiko San Silbestrearen aurkezpena

Ekintza herrikoien artean berezienetako bat bilakatu da azken urteotan Azpeitiko San Silbestrea. Adin eta izaera desberdineko korrikalariak batzeaz gain, inklusibitatearentzako tartea ere eskaintzen du urteko azken lasterketak. Korrikalarien aldetik harrera ezinhobea da: 800 dortsal daude eskuragarri eta dagoeneko 680 izen-emate egin dira.

Aurten Txolarte, Marea Urdina eta Gautenako lagunak batuko zaizkio lasterketari “ikutu bereziago bat emateko eta ohitura zaharrak berreskuratzeko”, Xeye atletismo taldeko antolatzaileen hitzetan.

Esan bezala, dagoeneko 680 izen-emate eginak daude, eta %41 emakumeak dira (408 azpeitiar eta 179 azkoitiar). Antolakuntzak bere konpromisoetarako 25 dortsal gordeak ditu. Beraz, jakinarazi dute 100 dortsal baina gutxiago geratzen direla eskuragarri.

Aurtengo dortsalak bereizgarri bat izango du. Berrikuntza moduan, LANA kooperatibak babesten duen dortsalak zenbakiaz gain izena ere eramango du, ostegunean, abenduak 22 baino lehen egiten bada izen-ematea.

Aurten ere bi lasterketa izango dira. Alde batetik, lasterketa irekia izango da 11.30ean. Lasterketa honek ez du sailkapenik izango eta ez da izena eman behar. Inklusioaren aldeko korrika saioa izango da, eta antolatzaileek proposatu dute, besteak beste, “haurrek beren gurasoekin edo korrika inoiz egin ez duen jendeak parte hartzea, eta inklusioaren aldeko aldarri honetan norbere aletxoa jartzeko”. 600 metroko jai bat izatea nahi dute Azpeitiko alde zaharreko kaleetan barrena. Gainera, Txita Sound Sistem bizikleta joango da lasterketa irekiz eta kaleak musika doinuez animatuz.

Ondoren, 12.00etan, sei kilometroko lasterketa izango da. Aurten, gainera, ibilbide berria izango du, errepide nagusia sahiestuz eta alde zaharreko kaleak zeharkatuz. “Sailkapena lehiatuko duten horietatik haratago, gure nahia da jendeak kirola eginez agurtzea urtea. Horretarako, iruditzen zaigu egin beharreko distantzia egokia dela”, azaldu dute antolatzaileek. Lasterketaren leloa jarraituz, ondo bukatzeko, helmuga gunean Kaiku produktuak izango dira eta Azpeitiko tabernetako pintxoak banatuko dituzte.

Dortsalak lasterketa aurreko egunean eta egunean bertan banatuko dira Azpeitiko azoka plazan: abenduak 30 eta abenduak 31. Egunean bertan 10.00etan hasiko dira eta proba hasi baino ordu erdi lehenago arte banatuko dituzte.

Interesa dutenek oraindik garaiz dabiltza izena emateko. Aurten www.kirolprobak.com web atariaren bitartez egin daiteke izen-ematea (10 euro). Internet bidezko izen ematea abenduaren 28an, 23.59ean, itxiko da. Hortik aurrera, abenduak 30ean eta 31an, izen emateko aukera izango da azoka plazan 15 euro ordainduta (dortsalak geratzen badira).

22/12/2022