IDK Euskotrenek, bi garaipenen eta porrotik jaso gabe Frantziako ligan hirugarren den Montpellier talde indartsuaren kantxan jokatuko du gaur, Eurocupeko hirugarren jardunaldian, arratsaldeko 20.00etan hasita. Talde donostiarrak, esperientzia metatu eta lehiaketa berri horretan ikasi asmoz ekingo dio hitzordu zail horri.
Azu Muguruza IDKko entrena-tzailearen ustez, aurrera egiteko aukera ezin hobea da: “Badakigu aurrean aurkari handi bat izango dugula, baina guk partida guztietan bezala, geurea egiten jarraitu behar dugu. Aurrerapauso bat eman behar da maila goreneko taldeen aurrean, erne beti ere, ea ezustekoa emateko aukerarik egoten den”.
Prestatzaile donostiarrak argi eta garbi onartu zuen ez dutela batere lan erraza izango, multzoan oso aurkari indartsuak egokitu zaizkielako: “Nahiko multzo gogorra tokatu zaigu, menperatzen oso zailak izango diren bi talde frantziar tarteko. Montpellier multzoko liderra da, partida guztiak irabazi ditu eta Frantziako ligan ere lidergoan da”.
Gaurko aurkaria aztertzerakoan, honako hauek nabarmendu ditu Muguruzak: “Oso talde orekatua da. Diferentzia markatzeko jokalariak ere baditu, Julie Vanloo joko antolatzaile belgikarra edota Haley Peters estatubatuarra. Partidaren erritmoa kontrolatzea komeni zaigu eurak oso azkarrak direlako; trantsizioetan uztaiaren azpian puntu asko lortzen dituztenez, ez dute kanpoko jaurtiketetan por-tzentai handirik behar izaten”, azaldu du.
IDKk, nolanahi ere, ez du amore emango eta Liga txapelketako ibilbide ederrari eutsi nahi dio, azken lau norgehiagokatan 80 puntutik gora lortu baititu partiduko. “Konfiantza sendotu egin dugu. Ez zait iruditzen hasieran gauzak hain gaizki egiten ari ginenik, baina gure erasoko portzentaiak nahiko eskasak ziren. Eraginkortasun horrek gora egin ahala, ikaragarrizkoa izan gabe ere, taldea konfiantza gehiagorekin sentitu da eta neskek lasaiago jokatzeko aukera izan dute”.
Hauek lirateke, bere ustez, partida irabazteko gakoak: “Une oro kontzentrazioari eusten jakitea, eta gure egitekoetan akats handirik ez egitea. Erasoan aske sentitu behar dute eta defentsan arauak zorrotz aplikatu. Lehiatzen gabiltzan bi txapelketetan averageak oso garrantzitsuak direnez, ezinbestekoa da beti partidan egotea jakitea”.