Ba al zenekien Ertzaintzaren oposizioen hurrengo deialdian gutxieneko altuera kenduko dela parte hartzeko baldintza gisa? Hori izan da planaren neurrietako bat, Ertzaintzan gaur egun emakumeek duten presentzia "eskaza" zuzentzeko.
Sare sozialen bidez, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak herritar guztiei gogorarazi nahi die euskal poliziaren parte izateko deialdi berri honetan aldatu egin direla baldintzak polizian emakume gehiago sartzeko.
Horrela, gogorarazi dutenez bertatik, datorren urtean egingo den Ertzaintzaren hurrengo oposaketa-deialdian Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak kendu egingo du hautaketa-prozesuetan parte hartzeko gutxieneko garaieraren baldintza. Generoen arteko arrakalari amaiera emateko eta kidegoan sartzeko hautaketa-prozesuetan emakume gehiagok izena eman ahal izateko diseinatutako neurri bat da.
Planak 10 helburu estrategiko eta 45 ekintza zehatz proposatzen ditu emakumeek Ertzaintzan gaur egun duten presentzia eskasa jatorritik zuzentzeko. Zeharkako eta diziplina anitzeko neurriak dira eta orain arte, esate baterako, "erreferenterik ez izateagatik, ertzain izatea planteatu ere egin ez duten emakumeei nahiz sartzeko probak egiten ari diren edo gainditu dituzten eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak diseinatutako hautaketa- eta formakuntza-prozesuan edo praktikaldian murgilduta dauden (gutxi gorabehera bi urteko prozesua izaten da) emakumeei zuzenduta daude", azaldu dute Ertzaintzatik.
Eusko Jaurlaritzak berdintasuna, Euskadiko polizietan ere, erreala eta eraginkorra izateko hartutako konpromisoari erantzuten dio Planak. Berdintasunerako Lantaldean ia urtebetean egindako lanaren emaitza da, eta Segurtasun Sailean eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian emakumeen eta gizonen berdintasunerako oinarrizko eskubidea ahalbidetzen inplikatutako arlo guztiak daude ordezkatuta lantalde horretan.