Buscar
Actualidad

"Baikortasuna" euskal industriako sektore gehienetan datorren seihilekoari begira

Euskadiko 16 kluster-elkarteek Industria Abagunearen Behatokiaren bileran jakinarazi diote Iñigo Urkullu lehendakariari igurikipen positiboak dituztela, Ukrainiako gerrak eragindako ziurgabetasuna gainditu ondoren
Batzarraren irudia
Batzarraren irudia

Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan duen Industria Abagunearen Behatokiaren (IAB) gaurko bilerak argi utzi du euskal industrian "baikortasuna" dela nagusi datorren seihilekoari begira. Euskadiko 16 klusterrak bi urterik behin biltzen dituen topaketa honek aztergai hartzen ditu Euskadiko sektore industrialen adierazle nagusiak, eta baliagarria da hurrengo sei hilabeteetan datorrenari buruzko argazki bat egiteko. "Aurreikuspen positiboak dira nagusi aztertutako parametro guztietan (eskaerak, fakturazioa, esportazioa, enplegua eta I+G+B). Alde handia dago duela urtebete, alegia, Ukrainian gerra hasi zenean eginiko aurreikuspenekin, egoera hark sekulako ziurgabetasuna sortu baitzuen eta ia sektore guztiek moderatu baitzituzten euren aurreikuspenak", azaldu dute gaur Eusko Jaurlaritzatik. "Nazioarteko egoera hori dela medio, lehengaien prezioek gorantz jarraitzen dute, eta horrek eragina du balio-kate osoan. Halere, euskal kluster gehienek aurreikusten dute hazkunde sostengatua izango dutela epe laburrean", gaineratu dute.

Lehendakariaz gain, bileran izan dira baita ere Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapia eta Euskadiko klusterren dinamizaziorako 16 erakundeetako (KDE) ordezkariak: garraioak, mugikortasuna eta logistika (MLC), aeronautika (Hegan), galdaketa eta forjaketa (AFV), automobilgintza (Acicae), energia (Energia klusterra), bio-osasuna (Basque Health Cluster), eraikuntza (Eraikune), EIKTak eta ezagutza (Gaia), trenbide-ekipoak (Mafex), habitata, zura, bulegoak eta contract (Habic), elikadura (Euskadiko Elikaduraren KLusterra), itsas-industriak (FMV), fabrikazioko teknologia aurreratuak (AFM), ingurumena (Aclima), papera (Paperaren Klusterra), eta siderurgiako produktu eta instalazioak (Siderex).

"Fakturazioan ere aurreikuspenak positiboak dira, 11k espero baitute haztea eta beste 5ek mantentzea. Inork ez du uste diru-sarrerak gutxituko direnik. Aurreko seihilekoan, 13 klusterrek hobetu egin zuten euren fakturazioa. Kapitulu honetan aipatzekoa da prezioen igoeraren eragina, produkzioa ez baita hazi neurri berean. Esportazioak ere bide onetik doaz", azaldu dute bileran.

2023-03-30T13:32:03+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo