Ezegonkortazunean zerbait egonkorra eraiki-tzeko konpromisoari buruz hitz egiten du Nabiga kolektiboaren Nondik abiatu inora dantza piezak. Behin-behineko egoera batean zaila dela zerbait egonkorra irudikatzea uste dute Nagore Tamayok eta Natalia Belenek, baina elkarrengana gertura-tzeko ausardiaz gorputzak batzeko konpromisoa erakusten dute dan-tza ikuskizunean. Hala onartu du Tamayok.
‘Nondik abiatu inora’ estreinatu berri duzue, baina non du abiapuntua proiektuak?
Proiektua jaio zen ni dantza ikasketak egiten ari nintzenean eta Gradu Amaierako Lana egitea egokitu zi-tzaidanean. Ikerketa performatibo bat egin behar nuen, eta nik kontakt inprobisazioari buruzko ikerketa bat egin nahi nuen, baina beste pertsona bat behar nuen horretarako, dantza mota horrek kontaktua eskatzen duelako. Eta Nataliarekin jarri nintzen harremanetan. Lehenengo, ikerketzen aritu ginen denbora luzez, eta aurten bihurtu dugu ikerketa hori pieza eszeniko.
Kontakt inprobisazioak bi gorputzen arteko harremana lantzea bilatzen du, ezta? Zertan datza?
Kontakt inprobisazioa da dantza garaikidearen barruan dagoen praktika bat, gorputzen arteko harremanean oinarritzen dena. Praktika hori egin edo ikustekorakoan, konpromisoaren ideia etortzen zitzaidan burura. Dantzatzen ari zaren beste pertsona horrekiko konpromiso bat daukazu, elkarrizketa etengabe batean zaude. Eta ideia hori nire errealitatera egokitu nuen. “Nik, gazte bezala, zer eman dezaket?”, galdera hori egin nion nire buruari, eta ondorioztatu nuen zailtasun edo muga asko ditugula konpromisoak hartzeko. Garai indibidualizatu bat bizi dugu eta zailtasunak sorrarazten dizkiguten baldintzak egokitu zaizkigu. Baina, muga horiek hartu nahi nituen, gorputzera eraman, eta ikusi nola muga horiez haratago zerbait egonkorra eta konprometitua eraiki dezakegun; elkarrekin dan-tzan egon gaitezke.
Behin-behineko egoera batean, baina, zaila dela zerbait iraunkorra irudikatzea diozue, eta, horretarako geldiunea beharrezkoa dela.
Dantzan saiatzen gara geldiuneei garrantzia ematen. Badaude une kaotikoak, mugimendu eta informazio askokoak, eta harremana eraikitzeko une horretan geldiuneak beharrezkoak direla diogu: elkarri begiratzeko, entzuteko eta ulertzeko zertan ari garen eta nora goazen.
Gaurkotasuna oinarri, elkarrekin egin daitezkeen lorpenei buruzko hausnarketa bilatzen du obrak?
Indibidualtasunetik pasatzen gara elkarrekin egotera eta elkarri laguntzera. Saiatzen gara islatzen bakarrik gauza asko egin daitezkeela, baina balioa ematen diegu bakarrik ez eta elkarrekin bakarrik egin daitezkeen gauza horiei. Horregatik gaude kontaktuan; eta, kontaktuan gaudenean, bakarrik egin ezin diren gauzak egiten ditugu. Balioa eman nahi diogu horri, bai; baina ez banaka egiten dugunak ez daukalako baliorik, baizik eta horrek ere bai balio handia duelano.
Hain zuzen ere, pieza bi zatitan banatu duzue: bakarkakoagoa eta kontaktuzkoa.
Hasieran banaka ari gara, eta amaieran elkarrekin, eta tartean gertatzen den guztia da batera egotera iristeko bidea.
Baina, norantz abiatzen zarete? Nondik dator izenburua?
Pieza hau egiteko ikerketa abiatu nuenean Paul Beitiaren Maiatzaren Lehena olerkia topatu nuen, eta bertako esaldi batek ematen dio izenburua piezari: “Zeri heldu heldulekurik ez daukanak, nondik abiatu inora”. Poemak bizi dugun garaiari egiten dio erreferentzia, noraezari edo etorkizuna bistaratzeko zailtasunari. Horregatik hartu nuen izenburua: helmuga argi bat eduki ez arren, elkarrekin goaz. Eta guretzako hori da inportanteena. Iristen gara nonbaitera, iristen gara elkarrekin egotera, baina horrekin ez dakigu nora goazen: inora da, baina, aldi berean, batera da.
Herenegun aurkeztu zenuten lana, baina lehenago ere iritziak jaso dituzue.
Jendeak gure arteko konplizitatea ikusten du, ikusten du nola goazen eraikitzen gure arteko harremana. Eta, gero, guretzako kuriosoa da ikustea bakoitzak harremana nola interpretatzen duen obran. Batzuek uste dute bi lagun garela, eta, beste batzuek, aldiz, erromantizismo ku-tsua ematen diote. Ez da gure asmoa horretara bideratzea ikuslea, baina bada kuriosoa ikustea jendeak nola harreman abstraktu bat berak irakurri nahi duen horretara eramaten duen.
Zuen arteko harremana ere lantzen du piezak?
Hasieran ez genuen elkar ezagutzen, eta berezia izan da Nataliarekin ikerketa hau hastea elkar ezagutzen ez genuenean. Baina, bi urte pasatu dira, sorkuntza prozesu bat egon da tarteko, eta garatu da gure artean dantzatzeko era, garatu da gure en-tzumena eta garatu da elkarrekin egoteko gaitasuna ere bai.
Alderdi askok parte hartzen dute sorkuntza proiektu batean, baita honetan ere.
Natalia eta nitaz gain, akonpainamendu artistikoa egin digu Natalia de Miguel dantzari eta koreografo bilbotarrak, eta musika originala da, Mattin Zeberio musikari tolosarrak pieza honentzat sortutakoa. Berezia da hori, eta kuriosoa. Dantzarako erabiltzen ditugun pauta horiek musikan entzutea berezia bezain aberasgarria da.