NUPeko euskal ikasleen euskararen aldeko jarrera ahul dagoela aitortu dute euskara taldeko kideek Euskalerria Irratian. Hori dela eta, ekimen handia antolatu dute Gazte Euskaltzaleen Sarearekin batera martxoaren 23rako, unibertsitateak euskarazko eskaintza handitu dezan eta euskal ikasleak euskaraz ikastera animatzeko. Izan ere, gazte euskaldun aunitzek erdara hobesten dute, irakasgaiak euskaraz eskaintzen badira ere. Ahultasun hori, dena den, unibertsitatetik at ere sumatzen da. Hamaika arrazoi izan dira azken hiru urtean karrikara ateratzeko, baina euskararen aldeko mobilizazio hutsek ez dute jende kopuru itxurosorik lortu, jende euskaltzalea ez baita inola ere lehen adina biltzen manifestazioetan, are gutxiago gazteak. UPNren kontra errazagoa omen zen, baina hori ere aldatu da, jende gutxi ibili baita, konparaziora, Mayak haur eskoletako euskal eskaintza nabarmen murriztu duenean. Bada, protesta hutsaren inguruan jendeketa handia biltzeko garairik onena ez dela iritzirik, eta bertzelako arrazoiak direla medio, jende euskaltzalea pizteko ekimen bat plazaratu du herritar talde batek “Sorionekuak” izeneko manifestuaren bidez, “etsipenetik ateratzeko” eta euskarari “positibotasunetik” heltzeko. Agerraldi handia iragarri dute ekainerako, bozak pasata. Zenbaiten iritziz, ordea, ekimen hori zuzenean doa ofizialtasunaren aldarria berriz ere mobilizazioen erdigunera ekartzeko asmoaren kontra; eta, zehatzago, hauteskundeak baino lehen ofizialtasunaren alde egin nahi den manifestazioaren kontra. Aste honetan izanen du Kontseiluak hori guztia eztabaidagai Iruñean. Alabaina, dela Kontseiluaren bidez, dela Kontseilutik kanpo, zerbait asmatu beharko da jendea erakartzeko, aldekotasuna lantzeko eta euskaraz bizitzea gozagarria izateko, ofizialtasuna –balizko paradisu hori– iristen den bitartean.
Navarra