Polideportivo

“Banekien jokalari berriak oso lagungarri izango zirela”

Bera Berako entrenatzaile Imanol Alvarez pozik dago taldeak jokatutako partidekin
Super Amara Bera Berako entrenatzailea Imanol Álvarez. | ARGAZKIA: R. PLAZA

Super Amara Bera Berak bete du denboraldi-aurrearen erdia. Costa del Sol Malagaren aurka irailaren 2an (Gasca 18.15ean) Liga hasteko hiru aste falta direnean, abuztuko lehen asteburu librera iritsi dira gipuzkoarrak, eta Imanol Álvarez entrenatzaileak lehen aste hauetako balantze positiboa egin du, “denetarik pasa bada ere”.

Donostiarrek bi lagunarteko jokatu dituzte Zubileta Evolution BM Zuazoren (37-21) eta Merignacen (32-40) aurka, bietan garaipen onak eskuratuta, baina oraindik ere sei lehia interesgarri geratzen zaizkie.”Oso ondo aritu gara partidetan, taldeak espero bezala eran-tzun du eta jakin bagenekien fitxaketa berriek asko lagunduko zigutela”. Alde negatiboa, lesioak izan dira. “Tamalez Sara Gil eta Anne Erauskin ez ditugu jokatzeko moduan izan, eta orain Cavok ebakuntza-gelatik pasatu beharko du. Horrelakoak ere gertatzen dira, eta egokitzen jakin behar dugu”. Lagunarteko bi partidetan, Super Amara Bera Berak 5-1eko defentsa, 6-0 tradizionalarekin uztartu du. “Plus bat gehiago izan nahi dugu jokamolde horretan”, azaldu du Alvarezek. “Arcos, Gavilan erdigunean eta Erauskin taldean sartuta, askoz aukera gehiago izango ditugu aurreratuta defendatzeko, lehendik postu horietan genituen jokalariei Paula ere gehituta”. Bere hitzetan, “erasoan, Shula oso euskarri mendera-tzailea dela iruditzen zaigu, eta horri etekina ateratzeko gai izaten bagara, etekin handia emango digu. Pozik nago. Eta oraindik Anne ikusteko betarik izan ez dugun arren, berea emango digu inolako zalantzarik gabe”.

Alvarezek “interesgarria” ikusten du Frantziako Belles de Deux Servres txapelketa. “Aurrerapausoa da, klubean aipatu izan genuen horrelako txapelketak jokatzea mesedegarri zela, maila handiko hiru partidetan lehiatuz”.

Celles sur Bellen, Super Amara Bera Berak Danimarkako Ikast taldearen aurka neurtuko ditu indarrak – Hirugarren izan zen European Leaguen eta bere ligan – abuztuaren 16an, asteartez (18.15ean), eta 19 ostiralean (17.15ean) TSV Leverkusenen aurka; asteazkenean, aldiz, Thoursen jokatuko du (20.15ean) Celles sur Belle talde antolatzailearen aurka. “Astebete elkarrekin egotea ona izango da bizikidetza suspertzeko”, azaldu du entrenatzaileak. Eta berriro azpimarratu duenez, “maila handiko taldeen aurka jokatuko dugu, bestelako eskubaloia jokatzen dutenak. Orain sasoian jartzen lagungarri izango zaigu, zer nolako maila dagoen jabetu, eta Europako joko mota horretara egokitzen hasteko European League-ri begira”.

Oihane Bautista eta Eider Tapia taldearekin entrenatzen ari dira, eta lagunarteko bietan jokatu dute. Imanol Alvarezen ustez, aurreko denboraldian Aallaren baja bete behar izan zuen atezainak “hazten jarraituko du”, eta Eider Tapiari “ahalmen handia” ikusten omen dio. “Oso lan ona egiten du eta jokalari ona izateko aukera handiak ditu; badakigu oinarrizko selekzio nazionalen uhinean dabilela, oraindik gazte izatearen prezio hori ordaindu behar duela, baina gero eta ausartago sumatzen dut eta asko laguntzen digu entrenamenduetan”. Imanolek aipatu egin nahi izan ditu “Urretabizkaia, Zolezzi eta Lizeaga ere; entrenamenduetan hobetzen laguntzen digutelako, eta orain, lesioak tarteko, ezinbestekoak direlako”.

14/08/2022