Bankuen komisio batzuen aurka, herritarrek etaEKA/ACUV Euskal Kontsumitzaileen Alkarteak berak lanean jarraitzen dute, eta oraingo honetan espero diren emaitzekin. Izan ere, Auzitegi Gorenak ez du Laboral Kutxak aurkeztutako errekurtsoa onartu, eta beraz, irmoa da posizio zordunak (zenbaki gorriak) erreklamatzeagatiko komisioa baliogabetzat jotzen duen epaia.
Horrela, eta ildo beretik, EKAtik azaldu dutenez, Auzitegi Gorenak ez du kasu honetan onartu Laboral Kutxak planteatutako errekurtsoa; beraz, irmoa da posizio zordunak zenbaki gorriak erreklamatzeagatik komisioa baliogabe uzten duen epaia. “Gure kontua zenbaki gorrietan geratzen zenean (ordainagiria pasatu eta behar adinako saldorik ez dugunean), automatikoki 30 euroko komisioa sortzen zen, berandutze-interesez gain”, esan eta gaineratu dute EKAtik: “EKA/ACUV-en beste arrakassta-kasu bat bide batez, 2016an demanda kolektibo bat aurkeztu baitzuen, komisioaren deuseztasuna eskatuz, gehiegizkoa zela ulertuta. Kontua da, bezeroari ez zitzaiola inolako zerbitzurik ematen eta ez zituela gardentasun-irizpide eta bankuaren jardunbide-egokiak betetzen. Hala, Auzitegi Gorenak deuseztzat jo du aipatu komisioa, zerbitzu gehigarririk eskaini ez izanaren argudio bera baliatuta. Laboral Kutxak, beraz, hura aplikatzeari utzi eta bere kontratu guztietatik ezabatu behar du. Era berean, bidegabeki kobratutakoa itzultzera derrigortu dio sententziak ere bai. Ildo horretatik, kaltea jasan duten gure bazkideak animatzen ditugu erreklamazioa bidera dezaten”. Hala, elkarteak gaineratu duenez, epai hori orain arte emandako eta finantza-erakunde gehienei eragiten dieten beste epai batzuekin bat dator. Horregatik, Euskal Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkarteak herritar guztiak animatu nahi ditu beren finantza-erakundeari eska diezaioten komisioaren zenbatekoa itzul dezala. “EKA/ACUV-ek sustatutako beste epaiekin bat dator finantza-entitateen gehiengoari eragiten dion sententzia hau, eta horregatik da hain zuzen funtsezkoa kobratu zaien kontsumitzaileei ezagutaraztea, zeinek dagozkien kopuruak itzultzea exijitu ahalko dioten bankuari”, ondorioztatu dute bertatik.
Boluntarioak
Bestalde, nabarmendu behar da, beste banku-erakunde batetik (La Caixa) jakinarazi dutenez, erakunde horretako boluntarioek aukera eman dutela bazterketa-arriskuan dauden 309 pertsona lan-munduan sartzeko, ekintzaileentzako laguntza- eta mentoring-programetan parte hartuz. Banku-erakundearen iturriek nabarmendu dutenez, azken hilabeteetan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako boluntarioek 300 pertsonari baino gehiagori aholkuak eman dizkiete beren lan-elkarrizketak prestatzeko moduari buruz, baita nomina edo lan-kontratu bat ulertzeko moduari buruz ere. Era berean, tokiko hiru negoziotan lagundu diete laguntza hori eskatu duten ekintzaileei. Ildo horretatik, garrantzitsua da aipatzea programa horiek boluntarioen elkartearen ardatz estrategikoetako bat direla, pertsona ahulak laneratzeko lan egitea baitute helburu. Kasu gehienetan, pertsona zaurgarrienak dira bazterketa-arriskuan dauden familiak edo helduak, migratzaileak, errefuxiatuak edo aniztasun funtzionala duten taldeak. Lan-munduratze horren alde lan egiteko, boluntario horiek ezagutzak, baliabideak eta tresnak eskaintzen dituzte, epe luzera lan-merkatuan modu egonkorrean sartzeko.
Aipatutako helburu horietan laguntzeko eta lan egiteko, boluntario horiek lanean laguntzea bultzatzen dute, pertsona horiei curriculum vitaea egiten edo lan-eskaintzak eskuratzen lagunduz. “Topaketa horietan, boluntarioek jarraibideak eta aholkuak ematen dizkiete parte-hartzaileei, eta zalantzak argitzen dituzte. Saioak gizarte entitateetako teknikariekin prestatzen dira, horiek egiten baitute kasu bakoitzaren jarraipena. Elkarrizketen aurreko prestakuntza, adibidez, oso onuragarria izan da bertaratutakoentzat, izan ere, lan eskariari begira praktikatu eta segurtasuna irabazi ahal izan dute”. Bestalde, ekintzaileentzako mentoring programa CaixaBankeko boluntarioen elkarteak eta La Caixa fundazioaren Incorpora programak sustatutako proiektua da. Ekimenari esker, enpresa-ezagutzak dituzten boluntarioek beren negozioa sortu duten bazterketa-arriskuan dauden pertsonei laguntza ematen diete mentoring saioen bidez. Horrez gain, egoera ahulean dauden pertsonei zuzendutako Incorpora programak ekintzailetza laneratzeko bide alternatibo gisa garatzen du 2016. urtetik. Hala ere, “ekintzaileak akonpainamendua eskatu ohi du enpresa sortu den unetik haratago. Behar horretatik sortzen da ekintzaileentzako Mentoring programa, enpresaburu berriek beren biziraupena bermatzeko behar duten aholkularitza, esperientzia eta laguntza eskaerari erantzuteko ekimena”, zehazten dute. Aurten, guztira 120 boluntariok eman dituzte 1.500 ordu baino gehiago lanean laguntzeko eta ekintzaileentzako mentoring saioak egiteko. Gainera, gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden 2.731 pertsonak jaso dituzte bi programak, banku honek zehaztu duenez.