Gipuzkoa

Baserritarren egun borobila Azpeitian

Plaza Nagusian parrillan egindako hegaluzearen dastaketa arrakastatsua izan zen beste behin ere.

Bi urteko etenaldiaren ondoren azpeitiarrek festarako gogoa dute eta saninazioak ofizialki larunbatera arte hasiko ez badira ere, jaietaz disfrutatzeko nahia hori agerian geratu da azken egunetan. Igandean ospatu zen Umeen Eguna arrakastatsua izan zen eta atzoko Santio Eguna ez zen atzean geratu.

XXXVII. Cesar Valverde Pilota Txapelketan sarituak.

Eguraldi zoragarria lagun, baserritarrei eskainitako atzoko jardunaldia borobila izan zen, eta goizean goizetik jende ugari ibili zen Azpeitiko hirigunean zehar. Egitarau zabala prest, ez zen aspertzeko aukerarik egon.

Euskadiko XXV. Blonda txapelketaren une bat.

Jardunaldia hasteko XXXVII. Cesar Valverde Pilota Txapelketako finalak abiatu ziren 10.00etan Izarraitz frontoian eta hortik aurrera Musika Banda eta Izarraitz taldeko txistularien goiz eresia; Nafarroako banderari omenaldia; XXV. Euskadiko Blonda Txapelketa; gazta eta sagardo lehiaketak; dastaketa ezberdinak (parrillan egindako hegaluzea, txekor errea, gazta, sagardoa...); Aitor Mendiluze, Oihana Iguaran eta Andrea Bidart bertsolarien saioa; Laja II, Lutxurdio, Iñaki Ezenarro eta Egurrola trikitalarien kalejira edota kantujirak egon ziren bazkaltzeko ordua iritsi aurretik.

Edonola ere, festak arratsaldean jarraitu zuen: zezen plazan errekortarien txapelketa nagusia jokatu zen; Jainekin txarangak kaleak alaitu zituen; Balentina Agirre plazan Zirkoteke ikuskizunarekin gozatu ahal izan zen eta Kalakan taldeak kontzertua eman zuen Perez Arregi plazan.

Atzokoaren ondoren, azpeitiarrek atsedenalditxoa hartuko dute festa nagusien aurretik. Hori bai, ikusitakoa ikusita, motorrak berotuta murgilduko dira saninazioetan. l

27/07/2022