Martxoaren 21ean ospatzen da Basoen Nazioarteko Eguna eta Basotik Fundazioak data ospatzeko igandean baso-bainuak antolatu ditu. "Basoak ezinbestekoak dira gure orekarako eta gure ongizaterako" azaldu digu Gipuzkoako Kale Nagusian Jon Ander Ostolazak, Basotik Fundazioko zuzendari nagusiak; egurra bezalako baliabide berriztagarria eskaintzen dute, klima aldaketari aurre egiteko ezinbestekoak dira, higadurari aurrea hartzen laguntzen dute eta lurraldeko oreka hidrologikoa bermatzen dute.
Baina ekarpen natural eta biologiko horrez gain, basoek eragin positiboa dute banakoen gogo-aldartean estres maila jaisten baita, besteak beste. Hori da, hain zuzen ere, fundazioak lortu nahi duena, herrikideek bat egin dezatela basoarekin eta gozatu dezatela. Horretarako antolatu dute martxoaren 24rako baso-bainu bat.
Pagoetako Parke Naturalean, Gipuzkoako Parketxe Sarearekin lankidetzan egingo da ekimena goizeko 11:00etatik 13:00etara Iturrarango Lorategi Botanikoan, eta erabat doakoa izango da. Parte hartzeko, izen-ematea beharrezkoa izango da, 943 83 53 89 telefono zenbakira deituz, edo iturraran@gipuzkoanatura.eus helbidera mezu elektroniko bat bidaliz.