Bizkaia

Basque Culinary Centerrek eta Leartikerrek hitzarmena sinatu dute

Puntako erakunde biek Gastronomia Zientzietako doktoretza-programarako akordioa lortu berri dute
Leartiker eta Basque Culinary Centerreko ordezkariak, akordioa sinatzerakoan.

Donostian kokatutako Basque Culinary Centerrek (BCC) eta Markina-Xemeingo Leartikerrek lankidetza-hitzarmena sinatu dute. Honen bitartez, “elkarrekin garatuko dituzte zientzia gastronomikoen, nutrizioaren eta elikagaien zientzia eta teknologiaren arloko prestakuntzarekin, ikerketarekin eta garapen teknologikoarekin lotutako jarduerak”. Eta honi esker, bi erakundeetako ikertzaileek aukera izango dute doktore-tesia egin ahal izateko “Basque Culinary Centerreko Gastronomia Zientzietako doktoretza-programaren barruan”.

Nabarmendu dutenez, Basque Culinary Centerreko doktoretza-programak “gastronomia-zientzien arloko etorkizuneko ikertzaileak prestatzen ditu, goi-mailako sukaldari-tzako eta enpresa-sektoreetako profesionalen ezagutza bateratuz, hainbat esparruren garapena bultza-tzeko: elikaduraren teknologia, nutrizioa, elikadura funtzionala, nekazaritzako elikagaien ekipamendua. Programa aitzindaria da nazioartean. Mondragon Unibertsitateari atxikitako Zientzia Gastronomikoen Fakultateak “gastronomiaren sektorea profesionalizatu nahi du, haren alderdi guztiei balioa emanez. Doktoretzak gastronomia-zie-tzien arloan sakontzeko aukera ematen du, eta, horretarako, elikadura-zientzien arloan edo kudeaketa, gizarte eta kulturaren arloan espezializatu daiteke”. Gainera, hitzarmenaren bidez, ikerketa-proiektuak garatzen dituzten doktore-tesietako batzuen zuzendaritza Leartikerren eta BCC Innovationen arteko lankidetzaren bidez egin ahal izango da.

“Emankorra”

Alex Beitia Basque Culinary Centerreko zuzendari akademikoaren esanetan, “oso pozik eta ilusioz beterik gaude hitzarmen hori sinatzeagatik. Gure ustez, Leartikerrekin lankidetza oso emankorra izango da, eta ikertzaileen arteko lotura estua eta harreman ona ekarriko ditu, jakintza-arlo komunetan -hala nola zientzia gastronomikoetan eta elikagaien zientzian eta teknologian-ikerketan sakontzeko. Markina-Xemeingo zentro teknologikoko Jon Anakabe zuzendariaren arabera, “guk egiten dugun I+Ga produktu berriak ekoizteko eta garatzeko prozesuetan oinarritzen da, elikagaien zientziaren eta teknologiaren esparruan. Hitzarmen honi esker, beste urrats bat eman ahal izango dugu. Ez zaigu Basque Culinary Center baino bidelagun hoberik bururatzen helburu horretarako. Proposatzen duten doktorego-programa oso egokia da Leartiker-eko ikertzaileen garapenerako”.

28/12/2022