Cultura

Bat eta bi, azal berriz

Txomin Artolak 1978an Walt Whitman poetaren hitzak oinarri hartuta kaleratutako ‘Belar hostoak’ diskoa doinu eta konponketa berriekin publikatu du haren seme Urbil Artolak beste lau musikarirekin batera: ‘Belar hostoak I & II’
Boskotea batu da proiektu honetan.

Loraldia festibalak aitaren Belar hostoak lana berrinterpretatzea proposatu izan ez balio, sekula ez zitzaiola burutik pasako aitortu du Urbil Artolak. Txomin Artolaren diskoen artean hau oso berezia da berarentzat, eta badaki hala dela jende askorentzat ere. Haur bat zen aitak diskoa sortu zuenean eta, hargatik, nagusitu ahala joan zen hitzen sakontasuna ulertzen. “Urteekin konturatu naiz Belar Hostoak diskoak garai hartako belaunaldi bati dexente eragin ziola, hainbat arrazoirengatik: garaia, testuak, parte hartu zuten musikariak...”, gaineratu du. Walt Whitman poeta estatubatuarraren poemak euskarara ekarri zituen kantu forman Txomin Artolak 1978an, zenbait musikariren laguntzarekin: Mixel Ducau, Jean Phocas, Beñat Amorena eta Robert Suhas.

Horregatik, Loraldia festibalaren eskaintza jaso zuenean “errespetua” eta “bertigoa” sentitu zituen, ez baitzuen espero; baina, aldi berean, “oso erakargarria” egin zitzaion lana. “Gauza asko pasatzen zaizkizu burutik: zertan sartzen zaren, zentzua duen horrelako bat egiteak...”, aitortu du. Azkenean, baiezkoa eman zuen eta lehenengo urratsa lana norekin onduko zuen erabakitzea izan zen. Hasieratik bazituen izen batzuk, proiektuarekiko berak nahi zuen inplikazio maila erakutsiko zutenak. Batzen lehenengoak Jon Gurrutxaga eta Dani Venegas izan ziren, eta Antxon Sarasua eta Andoni Etxebeste hurrengoak. Atzera begira eginda, guztiek proiektuari erakutsi dioten atxikimenduarekin oso gustura dago Artola, eta hala sentitzen ditu kideak ere.

Lehenengo hilabeteetan distantzian egin zuten lan, pandemia zela-eta. Urbil Artolak oso ondo ezagutzen zituen aitaren diskoko kanta guztiak, eta hasieratik argi izan zuen zein bidetik egin nahi zituen konponketak. Hari pultsatuko instrumentuen oso zalea da, eta horietatik abiatuta pentsatu zituen egokitzapenak, batez ere Abereen artean eta Hator esan zidan kantuetakoak. Halere, diskoa bostek elkarlanean egin zutela azaldu du, eta bereziki nabarmendu du Dani Venegasek konponketetan egindako lana, bai sortze prozesuan, grabaketan zein nahasketetan. Jon Gurrutxagak ere ahotsarekin “lan handia” egin duela aipatu du, hareago, Txomin Artolak berak Gurrutxagaren interpretazioa goraipatu duela azaldu du.

Diskoaren zatirik handiena Dani Venegasek Irunen duen estudioan grabatu dute eta bateria eta ahots nagusia Oiartzungo Lezoti estudioan. Nahasketak Venegasenean egin dituzte eta masterizazioa Elkar argitaletxean. Urte amaieran argitaratu zuten, eta proiektuari bizitza luzea opa dio sortzaileak. Taldea gustura dagoen bitartean, tarteka kontzertuak emateko aukerak izatea gustatuko litzaioke.

Izan ere, Belar hostoak I & II ez zen disko bat izateko jaio, kantu zaharrak egokitzapen berriekin aurkezteko emanaldi bat egitea zen hasierako xedea. Ordubeteko saioa sortzeko egindako lan guztia ikusita, pena ematen zion Urbil Artolari bere horretan uztea, eta taldea zein entzuleak gustura geratu zirenez, diskoa argitaratzea erabaki zuen. Lehen emanaldia Loraldia festibalean egin zuten, 2022ko martxoaren 23an. Azaro bukaerarako diskoa argitaratuta zuten eta abenduan eman zituzten hurrengo bi kontzertuak: Iruñean eta Hondarribian. Elgoibarren izan ziren 2023ko urtarrilean eta Markina-Xemeinen otsailean. Oraindik ere eskaintzak jasotzen ari direla argitu du Artolak, baina, momentuz, bakarra aurreratu dezake: maiatzaren 12an Bergarako Seminarixoan interpretatuko dute lana.

Konponketa txikien alde handia 1978ko diskotik egungora, ezberdintasun nagusia konponketetan eta instrumentuen aukeraketan dagoela azaldu du Artolak. Kantuen egituran eta luzeran apenas egin dute aldaketarik. Aldea ahots nagusian nabari da, noski, Txomin Artolak beharrean Jon Gurrutxagak jarri baitu, eta bere ukitua eman die kantuei.

Testuek berdinak izaten jarraitzen badute ere, moldaketa txiki batzuk egin dituzte. “78ko testu horiek oso ondo egokituta zeuden euskarara, baina urte hauetan hizkuntza ere aldatzen joan da eta moldaketa txiki batzuk egin ditugu. Testu originalean ere aldaketa batzuk egin dira. Whitmanen ingelesa oso aberatsa da eta bere poemek interpretaziorako beta handia ematen dute”, argitu du musikariak. Lan honetarako, Joxerra Garzia idazle eta kazetariak lagundu die zalantzak argitu eta zenbait ñabardura txertatzen.

Erantzunarekin pozik Urbil Artolak aitortu du “oso kontent” daudela jendeak lana nola jaso duen. Loraldia festibaleko lehen emanaldi hura “oso berezia” oroitzen du, eta pozik da proiektuak bizirik irautearekin. Erantzun guztietan bereziena, ziur aski, Txomin Artola berarena izango da. Haren semeak azaldu du aitari asko gustatu zaiola diskoa eta asko disfrutatzen ari dela emaitzarekin. Hareago, segur aski “disko berria gehien entzun duen pertsona” izango dela gaineratu du.

07/03/2023