Buscar
Navarra

Batzar Nagusiak alkateak babestu eta batzarretara eta elkarretaratzera deitu du

Nafarroako Gobernuari Magnak Erdizen egin nahi duen meategiaren inguruko galdeketa antolatu dezala eskatu diote
Ortzirale ilunabarrean egin zuen Baztango Batzar Nagusiak ez ohiko bilkura.
Ortzirale ilunabarrean egin zuen Baztango Batzar Nagusiak ez ohiko bilkura.

Baztango Batzar Nagusiak, Baztango 14 herrietako alkateek azaroaren 20rako antolatutako eta Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkariak debekatutako galdeketen harira, elkartasuna adierazi zien atzo egindako ez ohiko saioan 14 alkateei. Era berean, herritarrei bihar herriz herri eginen diren batzarretan eta arratsaldean, Elizondon eginen den elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatzea adostu zuen.

Azkenik, Nafarroako Gobernuari Magnak Erdizen egin nahi duen meategiaren inguruan baztandarrek duten iritzia jasotzeko galdeketa egin dezala eskatzea ere deliberatu zuen atzo Baztango Batzar Nagusiak.

Ez ohiko saioa burutu zuen atzo Baztango Batzar Nagusiak. Puntu bakarra zuen atzoko saioak, azaroaren 20rako bailarako 14 alkatek antolatutako eta halabeharrez alde batera utzi behar izan zuten galdeketaren ingurukoa, Hain zuzen ere, atzokoan 14 alkateek mozio bat proposatu zioten Batzar Nagusiari, eta honek onartu egin zuen, aldeko 22 bozekin eta abstentzio batekin.

Mozioak azken hilabeteetako errepaso azkar bat egiten zuen, Magnesitas Navarrasek Erdizen egin nahi duen meategiaren harira, baztandarrek lur komunalaren balizko okupazioaren inguruan duten iritzia ezagutu asmoz antolatutako galdeketen inguruan.

Gogora ekartzen zuen, Baztango Batzar Nagusia bi aldiz saiatu dela herritarrek duten iritzia jasotzen, eta bi saiakerak debekatuak izan zirela. Gerora, urriaren 23an, hondar galdeketak izan behar zuen egun berean hain zuzen ere, Baztango herrietako alkateek, Almandozkoak izan ezik, azaroaren 20an herri galdeketak eginen zituztela iragarri zutela, ordenantzek ahalbidetzen duten gisan, herritarren iritzia jasotzeko.

Alkateak buru belarri lotu omen zitzaizkion galdeketen antolaketari: boto-paperak enkargatu, informazioa banatu, boto-ontziak lortu...harik eta azaroaren 10ean

Guardia Zibilak kuartelera konbokatu eta Gobernuak Nafarroan duen Delegaziotik galdeketa ezin zutela egin zioen errekerimendua komunikatu zieten arte.

Arratsalde hartan bertan jakin omen zuten Navarra Sumako parlamentaria den Isabel Olavek galdeketen inguruko galdera erregistratua zuela Parlamentuan, “ordenantzek ahalbidetzen dutena zalantzan jartzen”. Mozioan ageri denez, “kasualitateak ez dira existitzen eta pentsatzekoa da debekuaren jatorria Olaveren iniziatiban datzala”.

Baztango herrietako hamalau alkateek galdeketen debekua arras larritzat jotzen dute eta “sekulako bidegabekeria iruditzen zaigu herritarren iritzi hutsa jasotzeko aukera kendu izana. Zer kalte egin dezake herritarren iritzia ezagutzeak?

Zertaz ez digute Baztango herritarroi iritzia ematen uzten? Zertarako balio dute Baztango ordenantzek? Non daude baztandarron eskubideak?”.

Debeku honek eta lehengoek Erdizeko afera gainditu dutela gaitzesten du atzo Batzar Nagusiak onartutako mozioak, “dagoeneko eztabaida ez da harrobia bai ala ez. Hemen benetako parte hartzeaz eta demokraziaz ari gara solasean”.

Gauzak honela, “herrietako batzarreak demokraziaren sinbolotzat hartuta”, azaroaren 20an batzarreak deitu dituzte herri guztietan eta 17.00etan Elizondoko Foruen plazan elkarretaratzea deitu dute. Herriz herriko batzarretan eta arratsaldean “Iritzia eman nahi dugu” lelopean eginen den kontzentrazioan parte hartzera deitu zituzten herritarrak atzo onartutako mozioaren bidez.

Hutsunea

Navarra Sumako ordezkariek ez zuten atzoko saioan parte hartu, ezta galdeketa deitu gabe gelditu den Almandozko herriko ordezkaria ere. Batzuk zein bertzeak hainbat batzarkideren kritika jaso zuten. Batetik, Navarra Sumako ordezkarien “plantoa errespetu falta izugarria” dela gaitzetsi zuten, Baztango Batzar Nagusiari muzin egiteagatik eta bere eskuduntzak zalantzak jartzeagatik, era berean kritikatu egin zuten baztandarrek beren iritzia ematearen kontra agertzea eta galdeketa oztopatzea. Almandozko alkateari, bertzalde, herriko ordezkaria izanik eta galdeketa egiteari uko eginez bere herritarrak isilaraztea leporatu zioten.

Etiquetas
2022-11-20T08:29:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo