Cultura

"Batzuei gehiago gustatuko zaie Süne, eta beste batzuei Huntza, baina ni biak naiz"

Huntzako abeslari eta trikitilariak bakarkako proiektua jarri du martxan, Süne izenpean lehen abestia kaleratuta. Hala ere, Huntzak, beti bezala, jarraituko duela ziurtatu du
Etorkizuneko proiektuetan ere Arakistainek ez du trikitixa askatuko.

Lasturkoa (Itziar, Deba, Gipuzkoa, 1996 ) da Josune Arakistain Salas, Huntza taldeko abeslari eta trikitilaria. Ibilbide oparoa izan du trikitixaren munduan; besteak beste, 2013 eta 2014ko Euskal Herriko Trikitilari Gazteen txapelketak irabazi zituen. Horrez gain, Euskal Herriko zein atzerriko plaza eta eszenatoki anitzetan aritu da bere musika zabaltzen. Orain, Huntzako taldekidea ez ezik, Süne proiektuko buru ere bada. Bakarka hasi duen bere azken proiektua da Süne.

Huntza taldearen biran bete-betean sartuta dagoen arren, Süne bakarkako proiektua ere jarri du martxan Josune Arakistainek, eta trikitixaren soinua elektronikaren melodiekin nahastuta, 'Sunday' abestia kaleratu du DJ Rikki mutrikuarrarekin batera. Hala, musika estilo horrekin urteetan zuen arantza kentzea lortu du. Euskal Herriko Trikitixa Txapelketak irabazitakoak gogotsu begiratzen dio etorkizunari.

Ezagutzen ez zaituzten horientzat… Nor da Josune Arakistain?

Esango nuke sormen handia duen pertsona naizela, eta musika ikaragarri maite duena. Irudimen handiko pertsona naiz, eta uste dut hortik datorkidala trikitixarekin sortzeko daukadan gogoa edo ilusioa. 

Duela urte batzuk unibertsitateko lagun batzuk elkartu eta Huntza sortu zenuten. Zein asmorekin sortu zenuten?

Trikitixa txapelketen garaiko abesti batzuk nituen sortuta nik, eta abesti horiek talde batek jotzea nahi nuen. Horretarako, baina, talde bat osatu behar nuen. Hortik hasi zen guztia. Taldekide bat ezagutu nuen, eta gero berak beste bat… Soka moduko bat izan zen. Buruan imajinatzen nituen abestiak, eta halako soinua izan zezaten, bateria bat behar nuen, gitarra bat, biolin bat… 

Huntza sortu, eta berehala, arrakasta iritsi zen. Esperotako arrakasta izan al zen hura?

Bi urte inguruz lokalean sartuta egon ginen; lehenengo, elkar ezagutu beharra genuen, eta behin elkar ezagututa, abestiei buelta bat ematen eta entseatzen hasi ginen. Harro gaude abestia izan zen kaleratu genuen lehena, eta horrek oso harrera ona izan zuen. Horrekin animatu egin ginen beste abesti batzuk jendartera zabaltzera eta diskoa kaleratu genuen. Aldapan gora abestia kaleratu genuen, eta horrek, egia da, ezustean harrapatu gintuela. Taldean, txantxetan esaten dugu beti, Aldapan gora puzker bat botatzea bezala izan zela: alegia, espero ez duzuna eta zerbait itzela ateratzen dena. Ez konnotazio txarrarekin, baizik eta onarekin. 

Zer edo nola egin zenuten publikoa modu hartara zuengana erakartzeko?

Askotan galdetu izan digute zein den sekretua, baina ez dakit. Nik oso argi neukan zein musika mota egin nahi nuen, eta hortik aurrera jarraitu nuen. Nik uste dut jakin genuela gure abestiak jendearengana iritsi zirela. Zergatik edo zein formula erabilita oraindik inork ez du asmatu, bestela hainbat talde berri sortuko lirateke horrela. 

Euskaraz abestea muga izan al da zuen musika zabaltzeko?

Gu taldekide guztiok euskaldunak gara eta euskaraz hitz egiten dugu. Nire kasuan, esaterako, lagunekin, familian, unibertsitatean… euskaraz hitz egiten dut, eta kanpora goazenean gazteleraz hitz egitea kostatzen zait. Alde horretatik ez genuen zalantzarik eduki, gure ama hizkuntza izanda eta gure egunerokotasunean erabilita… Esango nuke ez genuela hizkuntza hauturik egin, modu oso naturalean atera baitzitzaigun.

Euskal Herritik ateratzeko, behintzat, ez da oztopo izan hizkuntza; bertoko hizkuntzan abestuta hemengo eta hango eszenatokietara igo baitzarete.

Bai, eta, gainera, niretzat, behintzat, hori da politena. Askok esaten digute ez gaituztela ulertuko, baina kontzertuaren ondoren etortzen zaigu jendea esanez: "No he entendido nada, pero me ha gustado un montón". Azkenean, musika beste hizkuntza bat da, eta nahiz eta euskaraz kantatu musikak transmititu egiten du. Jende asko etortzen zaigu esaten pila bat transmititzen dugula musikarekin, eta politena hori da. Guri ere gustatzen zaigu kontzertua bukatzerakoan publikoarengana joatea eta feedback hori jasotzea beraiengandik.

Argazkian, Josune Huntzarekin kontzertuan. Ander Urrosolo

'Aldapan gora', 'Iñundik iñoare'… Abesti itsaskorrak atera izan dituzue. Oro har, euskal musika hain itsaskorra al da?

Nik esango nuke euskal musikan askoz genero gehiago, askoz abesti mota gehiago ari direla sortzen, eta eskerrak horri. Ez dira guztiak itsaskorrak; gureak ere, batzuk izango dira baina beste batzuk ez. Azken finean hori estilo kontua dela uste dut. Batzuei itsaskorrak irudituko zaizkie, baina beste batzuei, berriz, ez. 

'Esperoan Tour'-ean bete-bete sartuta dago orain Huntza. Zeren esperoan zegoen taldea?

Kontzertuen esperoan geunden orain arte. Oso zaila egin zaigu pandemia garai hau; niri, behintzat, ez zait erraza egiten transmititzea jarrita dagoen publiko bati, eta horregatik geunden kontzertuen esperoan, kanpora joan eta jendearen feedbacka jaso nahi genuen. Horren zain geunden, iritsi da eta oso pozik gaude.

Nolako etorkizuna ikusten diozu Huntzari?

Oso etorkizun ona ikusten diot; taldean oso giro ona daukagu, oso ondo moldatzen gara eta oso ondo pasatzen dugu elkarrekin. Eta horregatik, ondo pasatzen dugulako, uste dut goazela aurrera, hala izango ez balitz, uste dudalako ez litzatekeela Huntza existituko. Momentuan momentukoa bizitzen ari gara, eta orain gozatzen ari gara biran. 

Huntza alde batera utzi gabe, bakarkako proiektu bat ere jarri duzu martxan: Süne.

Hasieran esan bezala, irudimen handiko pertsona naiz, eta ezin naiz geldirik geratu. Urteak dira ideia hau buruan nuenetik, trikitixa musika elektronikoarekin nahastu nahi nuen, eta arantza hori kendu. Asko gustatzen zait musika elektronikoa, eta beti nintzen estilo horretako abestiren bat egitekoa baina ez nuen egiten, halako batean egitea erabaki nuen arte. Pentsatu gabe egin nuen, nire buruari esaten bainion asko pentsatuz gero, ez nukeela egingo.

Argazkian, Josune DJ Rikkirekin. Ricardo Gaete

'Sunday' abestia da bide berri horretako lehena. Dj Rikkirekin batera kaleratu duzu. Nondik sortu zen berarekin batera egitearen ideia?

Ez nuen elektronika munduan zebilen inor ezagutzen, eta horregatik, hein batean, ez dut orain arte halako abestirik sortu. Duela urtebete inguru ezagutu nuen Rikardo, eta komentatu egin nion nire asmoez. Berak, lagundu egingo zidala esan zidan. Berehala sortu zen harremana eta aurrera egin dugu.

Josune Arakistain musika estilo batekin identifikatzen duenik bada. Eraginik izan al du horrek 'Sunday' abestiak izan duen harreran? 

Niretzat ez da erraza izan kantu hau ateratzea, batez ere, horregatik, jendeak musika estilo jakin batekin identifikatzen nauelako. Kostatu zait onartzea, agian, ez naizela soilik estilo bakarrekoa. Beste hainbat musika estilo gustatzen zaizkit, eta zergatik ezin ditut bi musika estilo egin? Badirudi musika estilo bat egiten baduzu, bestea ezin duzula egin. Horregatik, kostatu zait nire burua seguru egon eta esatea: beno, jendeari ez bazaio gustatzen estilo hau, ez da ezer gertatzen; batzuei gustatuko zaie gehiago Süne eta beste batzuei gehiago Huntza, baina ni biak naiz. Huntzak ez dauka zerikusirik Sünerekin eta Sünek ez dauka zerikusirik Huntzarekin; horregatik bereizi nituen biak, ez niolako zentzurik aurkitzen biak elkarrekin joateari. 

'Sunday'-ren ostean, etorriko al da beste abestirik?

Nik ere ez dakit zer iritsiko den. Ez daukat ezer buruan; ez dakit Süne bezala aterako dudan hurrengo abestia pop kanta bat izango den, edo balada bat, edo, agian, elektronikoagoa. Ez dakit ondo nondik joko dudan, baina ez diot nire buruari aterik itxi nahi. Zain nago, ikusten ea nora jo nahi dudan nik, inongo presarik gabe. Gaur gaurkoz, 'Sunday' dago, eta seguru egongo direla gehiago. Oraindik ez daukat beste abestirik prestatuta, baina nire burua ezagututa ez dut uste geldirik geratuko naizenik. Alarmistei, esan nahi diet, lasai egoteko, Huntzak jarraituko duela beti bezala, eta Süne ere hor egongo dela. 

Argazkian, Josune Huntzarekin kontzertuan. Iratxe Etxeandia

Batarekin zein bestearekin, baina trikitixa beti alboan izan duzu. Hala jarraituko al du?

Seguru baietz! Orain banabil pixka bat nire barruak irekitzen, eta pianoa eta gitarrarekin pixka bat zabaltzen, baina seguru nago trikitixa beste pixka batean, behintzat, ez dudala askatuko. 

Zer zor diozu trikitixari?

Nik uste dut orain nagoen tokiraino ez nintzatekeela iritsiko trikitixarik gabe. Nire bizitzako momentu askotan salbatu egin nau, baina beste askotan sufriarazi dit baita. Amodio-gorroto harremana dugu. Harreman guztietan bezala, egon naiz, esaterako, hilabete jo gabe, baina gero egunean bi ordu jotzen ere egon naiz. Behintzat, trikitixari esker jendea ezagutu dut, eta berari esker ere ezagutu izan naute, beraz, hori zor diot.

03/08/2022