Eibarrek UD Logronés mendean hartu zuen atzo denboraldi-aurreko seigarren partidan (2-1), Rahmanik eta Jon Bautistak sartutako golei esker. Realatik etorritako Bautistak partida hasi bezain pronto sartu zuen berea, golegile baitabil talde armaginera iritsi zenetik.
Eibarrek dotore hasi zuen partida, 4. minuturako aurreratu bai-tzuen talde gorri-urdina Realeko jokalari-ohiak, jaurtiketa bikain batekin Daza atezaina nahi bezala fusilatuz.
Menudok aukera polita izan zuen jarraian Logroñesentzat, baina jaurtiketa desbideratuta atera zi-tzaion; inolaz ere, gipuzkoarrak nagusi izan ziren lehen minutuetan eta Bautistak beste aukera on bat izan zuen, kasu horretan kamuts ibili arren.
Partidak aurrera jarraitu ahala Eibarrek ez zion agintzeari utzi. Logroñés maila baxuagoan lehiatuko da, Real B eta Real Unionekin batera, eta etxekoek ongi erakutsi zuten alde hori berdegunean.
Errioxarren Schutte jokalariak saiakera egin zuen atsedenaldiaren atarian, baina etxekoak aurretik zirela joan ziren aldageletara. Atsedenaldiaren ostean, bi taldeek aldaketa asko egin zituzten hamaikakoetan, jokalari gehiagori minutuak eskaini asmoz.
Bigarren zatiko hasieran ez zuten apenas aukerarik sortu.
Logroñesek izan zuen berdinketa lortzeko aukera ederra 67. minutuan, baina Viniciusen jaurtiketa kornerrera aldendu zuen Yoelek.
Eibarren bigarren gola
Eibarrek ez zuen ezustekorik nahi, eta 79. minutuan Rahmanik partida erabakita utzi zuen, zutoinaren ondotik sartu zen jaurtiketa gurutzatu batekin. Eibarrek ez du porrotik ezagutu denboraldi-aurre honetan, jokatutako sei partidatan bost garaipen eta berdinketa bat lortuta. Partidaren hondarrean, Viniciusek murriztu zuen aldea 86. minutuan, armaginen atzealdearen akatsa baliatuta.
Denboraldi-aurre honetako partidarik zailena bihar jokatuko du Eibarrek Zubietan Realaren aurka (11:00etan). Gaizko Garitanoren taldeak denboraldi berriko lehen partida Teneriferen kontra jokatuko du Ipuruan, datorren asteko larunbatean.
Eibar 2
UD Logroñés 1
EIBAR Cantero (Yoel, 46. min), Chema Rodríguez, Venancio, Sergio Álvarez (Vadillo, 46. min), Rahmani, Cubero (Roncal, 86. min), Bautista (Javi Muñoz, 46. min), Aketxe, Iker Alday (Matheus, 46. min), Imanol (Piriti, 86. min) eta Troncho (Quique, 46. min).
UD LOGROÑÉS Daza, Sergio López, Cristian, Arregi, Menudo, Zourdine, Sierra. Markel, Schutte. Arbeloa eta Iñigo. Bigarren zatian Prades, Lecea, San Vicente, Marcos, Iñaki, Bonilla, Pepe Blanco, Keita, Doncel, Vinicius eta Dani Pichín.
Goles 1-0, 4. min: Bautista. 2-0, 79. min: Rahmani. 2-1, 86. min: Vinicius.
Epailea Gorka Etayo, Euskal Batzordekoa.
Jazoerak Partida Atxabalpen (Arrasate) jokatu zen. Eibarren lagunarteko seigarren partida ateak irekita jokatu zen eta dozenaka zale bertaratu ziren.