Araba

Bazenekien biktimarentzako arreta-zerbitzu bat dagoela?

Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu bat da, eta delituen biktimen eskura jartzen da
Nerea Melgosa, Justizia, Berdintasun eta Gizarte Politika Saileko sailburua

Badakizu zerbitzu berezi bat dagoela Euskadin delitu baten biktima izan diren pertsonentzat? Biktimari Laguntzeko Zerbitzua (BLZ) zenbait diziplinatako langileek (legelari, gizarte-langile eta psikologoek) osatutakoa, Justizia Zuzendaritzak delituen biktimen eskura jarritakoa da. Ildo beretik, delitu baten biktima izan direnek Biktimari Laguntzeko Zerbitzura jo dezakete. Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren mendeko borondatezko eta doako zerbitzua da.

Zerbitzuaren helburua biktimei zigor-arloko sistemarekin duten harremanean laguntzea da eta edozein motatako delituen biktimei eskaintzen zaie arreta; batez ere, sexu-erasoen, etxeko indarkeriaren, larderiaz egindako lapurreten eta abarren biktima izan direnei.

Biktimei arreta eskaintzeko hurrengo jarduketak egiten dira: salaketa jarri aurretik orientazioa ematea eta jarraipena egitea, prozesua amaitu arte; delituak sortu dion arazoari ahalik eta irtenbide egokiena aurkitzen laguntzea; biktimari informazioa ematea izapide prozesalei buruz, izapide horietan dagozkion eskubideei buruz, izan ditzakeen laguntza ekonomikoei eta gizarte-baliabideei buruz; beharrezkoa balitz, biktimari laguntza psikologiko eta soziala ematea; beharrezkoa izanez gero, osasun- edo gizarte-zerbitzu eskudun eta egokietara bideratzea eta biktimari prozesu horietan guztietan laguntzea, eta, batez ere, prozesu judizialetan.

"Delituzko egintza ematen denean, eragindako kalte fisiko, ekonomiko, psikiko eta sozialaz gain, biktimak talka emozional larria jasaten du, eta egoera hori areagotu egiten da sarritan, ezezaguna zaion barne-egitura juridiko-penalarekin topo egiten duenean. Biktimak, gehienetan, ez ditu bere eskubideak ezagutzen, inork ez baitio egoera horri aurre egiteko beharrezkoa duen lege-informaziorik ematen. Jarduketa horietan berehalako informaziorik eta laguntzarik ez izateak doktrinak bigarren biktimizazioa deitzen duena eragin ohi du, eta esperientzia hori, kasu askotan, delitu-jarduera bera baino kaltegarriagoa da, eta defentsa-gabezia sentimendua eragiten du", azaltzen dute zerbitzu horretatik. Egoera hori konpontzeko sortu zen, besteak beste, zerbitzu hori.

Laguntza behar duten pertsonak harremanetan jar daitezke Araban, hainbat bidetatik. Telefono bitartez (900180414-945004895) edo email bitartez sav01-1@justizia.eus helbidera idatziz.

21/02/2023