Navarra

Baztan eta Baigorriren arteko hartu- emanak sendotzeko egitasmo berria

‘Atzoko, gaurko eta biharko sareak’ izenburupean gazteen egonaldi bat antolatu dute Amaiurren
Hirigarai, Otondo, Bidart eta Urrutia, asteazken honetan Baztango Udaletxean egindako agerraldian.

Baigorriko eta Baztango Udalek bi udalerrietako gazteen arteko topaketa antolatu dute. Atzoko, gaurko eta biharko sareak izenburupean, bi Udalek, 12-15 urte bitarteko gazteak, trukaketa egonaldi batean parte hartzera gonbidatu dituzte, eta apirilaren 14tik 16ra eginen da Amaiurko aterpetxean.

Horren berri emateko, asteazken honetan prentsa agerraldi bat egin zuten bi udalerreitako ordezkariek Baztango Udaletxeko sabaian. Joseba Otondo, Baztango Alkateak, Betti Bidart, Baigorriko Udaleko zinegotziak, Kristina Urrutia, Baztango Udaleko Euskara teknikariak eta Bixente Hirigarai, Baigorriko Udaleko animazioko langileak hartu dute parte.

Otondok nabarmendu zuenez, historian gibelerat egin behar da bi ibarren arteko lehen harremanak hautemateko. Harremanak mota anitzetakoak izan dira historian zehar: abere hazkuntzaren inguruan, gerletako errefuxiatuen testuinguruan, kontrabandoari lotuak, elkarteen trukaketak, edota bertzetakoak, biztanleak haran batetik bertzera bizitzera joan direnekoak. Trukaketa hauek Baztan eta Baigorri elkarren artean lotu izan dituzte mendeetan zehar, eta nahiz eta azken hamarkadetan harremana pixka batean galdu, azken aldian berreskuratzeko helburuarekin elkarlanean ari dira, etorkizunean ere hala segi dezaten.

Bidartek, bere aldetik aipatu zuen udaletxean berean lan aunitz izaten dela eta aunitzetan egunerokotasunak gainerako guztia gainditzen duela, dena den bi udalerrien arteko harremana berriz estutzearen alde agertu zen, “garai batean harremanak naturalki sortzen ziren, kontrabandoa tarteko, erraterako. Baztanekiko lotura estua izan dugu aspaldidanik, horren erakusle, Baigorri inguruko biztanleen erdiak kasik Baztanen haurrideak dituela”.

Urrutiak nabarmendu zuenez, Baigorriko Herriko Etxetik ailegatu zen proposamena, eta Baztango Udalean arras ongi hartu zuten ekimena. Elkarlanean hasi ziren eta udaleko zerbitzu desberdinek parte hartu dute antolaketan. Helburu nagusia gazteek elkar ezagutzea bada ere, bertzelakoak ere baditu, memoria historikoaren lanketa erraterako, Alava sarearen edota Comète sarearen inguruko lanketa eginez, euskalkiak ezagutuz elkar aberasteko helburua ere hor dago, baita berdintasun alorrean elkarrenganako errespetua lantzea ere. Ilusioz prestatu dute ekimena, eta dena ongi joanez gero, udazkenean berriz ere eginen dute, kasu honetan baztandarrak Baigorrira joanez.

Akitzeko, Hirigaraik balioan jarri nahi izan zuen ekimena antolatzeko egindako bidea eta lana, Baigorri eta Baztango udalen antolaketa desberdintasuna gora behera. Berriki zabaldu dituzte gutunak Baigorrin, eta laster gazteek izen ematea espero dute. Baztanen, aldiz, pasa den astean zabaldu zuten egitasmoaren berri 12 eta 15 urte bitartekoen artean eta erantzun arras positiboa izan du dagoeneko.

Atzoko, gaurko eta biharko sareak, Izpegiko bi aldeetako eskualdeen arteko ezagutzak ulertzeko eta sendotzeko egonaldia izanen da apirilekoa.

23/02/2023