Navarra

Baztandarren Biltzarrak argitaratu du aurtengo besta iragartzeko kartela

Aurten 10.000 ‘Raska’ jarri ditu salgai, zuzeneko 500 sarirekin eta 16 zaretoren zozketarekin
Malmoko Juan Angel Perotxena aurtengo besta iragartzeko kartelarekin.

ELIZONDO

Bi urteko geldialdiaren ondotik, aurten, Baztandarren Biltzarra eguna ospatuko da berriz Elizondon, uztailaren 17an. Elkartetik jakinarazi dutenez, azken urtetan bezala, aurten ere ez dute kartel lehiaketarik egin. Aitzineko urteetako portfolioez baliatuz, “MALMÖ Ilustrazioa&diseinua” Elizondoko enpresari egin zioten enkargua eta bestaren esentzia islatzen duen kartela egin du. Baztandarren Biltzarraren arabera, bertako elementu bakoitzak bere lekua betetzen du kartelean, detaile ttipienak ere, bere erranahia baitu.

RASKAK

Bertzalde, aurten aldaketaren bat badakar bestak. Azken urteetan ohikoa zen tonbolarik ez du antolatu elkarteak. Horren ordez, raskak deiturikoak argitaratu ditu. 10.000 txartel jarri ditu salgai euro batean.

500 txartelek zuzeneko sariak dituzte. Gainerakotan zenbaki bat agertzen da. Txartel horiek, 16 aretoren zozketan sartuko dira. Baztango herrien izenak daramatzaten 15 zareto osatu dituzte. Bakoitzak Baztango Zaporeaken lote bat eta Baztango jatetxe eta ostatuetan egiteko otorduak. Zareto hauen zozketa ekainaren 27tik uztailaren 15era eginen dira, astelehenetik ortziralera, bakoitzean bat. Egunez eguneko zozketak Xorroxin Irratian eginen dira, 11.20ean. zozketa hauetan saririk ez bada erdiesten, ez dira txartelak bota behar, izan ere, 16. zareto bat ere prestatu dute, Baztan izenekoa. Baztango Zaporeaken lote bat, magra bat, Baztanet dendan gastatzeko bale bat, Zirrike dendan gastatzeko bale bat, Arkupe gozotegian gastatzeko bertze bat eta Eskuz fisioterapian baliatzeko saio bat. Baztan zaretoaren zozketa Baztandarren Biltzarra egunean eginen da, uztailaren 17an.

Zenbaki sarituren bat izanez gero Baztandarren Biltzarra elkartearekin jarri behar da harremanetan, zozketa@baztandarrenbiltzarra.eus helbidean edo 624318182 telefono zenbakian.

Sari zuzenak gastatzeko epea uztailaren 31n akituko da. Bertzetik, txartelak edo boletoak gordetzeko dei egiten du elkarteak, izan ere, zaretoen zenbaki saridunak 15 egunez ateratzen ez badira, berriz zozketatuko dira.

Raskak edo txartelak salgai jarri dituzte dagoeneko Arizkungo Dolaetxea ostatuan, Erratzuko Altxuko dendan, Elbeteko Posadan, Lekarozko Hiru-Itturri ostatuan, Iruritako gizarte bilgunean, Arraiozko Zubiondo ostatuan, Oronoz-Mugaireko Oskorri, Berroetako elkartean, eta Elizondon, Axular estankoan, Arkupe gozotegian, Intza ostatuan eta Fantxike dendan.

BABESA

Elkarteak eskertu nahi izan du jendeak erakutsitako borondatea, izan ere, duela aste batzuk uztaileko besta eguna antolatzeko orduan behar ziren boluntario sarea osatzeko deia egin zuen Baztandarren Biltzarrak. Besta aitzinetik, egunean berean eta gero egin beharreko lanak garatu ahal izateko izen-ematea zabalduz, eta erantzun positiboa izan du deialdiak.

28/06/2022