Buscar
Navarra

Baztango inauterietako haurren bestarik gozagarriena

Orakunde, Egun ttun-ttun edo Oilar-dantza, Baztango 15 herrietan bizirik segitzen du tradizioak
Elizondoko Iriarte pilotalekuan jendetza bildu zen Orakunde eguneko momenturik esperatuenaz, oilar-jokoaz gozatzeko.
Elizondoko Iriarte pilotalekuan jendetza bildu zen Orakunde eguneko momenturik esperatuenaz, oilar-jokoaz gozatzeko.

Azken urteetan ohikoa den bezala, pasa den ortziralean Zigan abiatu zen inauterien baitan Baztanen haurrendako besta kuttunena den hitzorduen zerrenda. Orakunde, egun ttun-ttun edo oilar-dantza deiturikoa, Baztango 15 herrietan ospatzen da, haurrak eta nola ez, oilarrak protagonista dituen aspaldiko ospakizuna.

Etxeetan emandako puskekin zaretoak goitiraino bete zituzten Arizkungo haurrek.

Etxeetan emandako puskekin zaretoak goitiraino bete zituzten Arizkungo haurrek. Ondikol

Aitzina, ortzegunarekin ospatzen zen besta hau Baztango herri guztietan, baina garai batean, herri guztiak hornitzeko nahikoa ttunttunerorik ez zegoela eta, egun desberdinetan ospatzen hasi ziren.

Ziga izaten da lehenbizikoa. Asteartean Amaiur, asteazkenean Erratzu eta Lekarozen ospatzen da, ortziralean Azpilkuetan, eta larunbatean Berroeta eta Anizek hetsiko dute zikloa. Ortzegun honetan, berriz, gainerako herrien txanda izan zen.

Lekarozen asteazkenean ospatu zuten Orakunde.

Lekarozen asteazkenean ospatu zuten Orakunde. Ondikol

Herri guztietan egitarau bertsua izaten dute, goizean, etxez-etxe eskean ibiltzen dira, egun ttun-ttun kantua lagun, eta musikaz lagunduta, beso zabalik hartzen dituzte haur, guraso eta irakasleak, tragoxkaren bat eta jateko zerbait eskainiz. Tokian toki, herriko ostatuan edo elkartean bazkaldu ondotik, aldiz, joko desberdinetan murgiltzen dira haurrak, eta besta borobiltzeko, oilar-jokoa egiten da, haurrak, begiak estalirik eta egurrezko ezpatak eskuan, oilarraren bila abiatzen dira, batzuk beldur punttuarekin, bertzeak errespetuz, mantxo-mantxo, tentuz gehienak, abiada bizian gainerakoak. Oilarra harrapatzen duenak etxera eraman ohi du oilarra. Eguna borobiltzeko dantzaldia izaten da.

Herri ia guztietan egitaraua errepikatzen da, nahiz eta Elizondon, erraterako, desberdintasun batzuekin egiten den. Herri handiena izaki, 400 haur inguruk hartzen dute parte Orakunden, eta etxez-etxe eskean ibili beharrean, goizean kalejira egiten dute gerora adin tartearen araberako taldeetan banatu eta eguerdira bitartean jokoak egiteko. Ezin dira falta lokotx-biltzeak, aulki-dantzak edota zinta jokoa, bertzeak bertze.

Iruritan ere oilar-jokoak denen arreta piztu zuen.

Iruritan ere oilar-jokoak denen arreta piztu zuen. Ondikol

Goseak dei egiten duenean herriko jatetxe guztiak leporaino betetzen dira, adin bereko ikasleak elkarrekin taldekatuz, eta hemen ere ohikoa den menua izaten da, paella, oilaskoa eta izozkia.

Indarrak berreskuratuta, Iriarte pilotalekura hurbiltzen dira denak, oilar-jokoan parte hartzera. Urduritasuna sumatzen da momentu horretan, banan-banan ikasturtez ikasturte, taldeka oilarraren jokoa egiten baita. 3 urtekoek ez dituzte begiak estaltzen, eta lasterka abiatzen dira oilarraren bila, gainerakoek, ilunpean egiten dute oilar-jokoa, jendetzaren oihu artean. Elizondon, oilarraren ordez, egurrezko oroigarri bat ematen dute oilarra harrapatzearen truke.

Akitzeko, gozo bat jan eta dantzaldiarekin azken indarrak xahutzen dituzte.

2023-02-17T16:51:04+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo