Ortzegunean egindako osoko bilkuran, Baztango Ezkerrak eta EH Bilduk aurkeztutako mozio bat onartu zuen Udalak, Baztango 14 herritako alkateek Erdizi buruz azaroaren 20rako antolatutako galdeketen inguruan. Hiru puntuz osaturiko mozioa izan zen, batetik, Baztango herrietako alkateek herrietan antolatutako galdeketei atxikimendua ematea erabaki zuten, bertzetik, baztandarrak galdeketetan parte hartzera animatzea eta azkenik, Nafarroako Gobernuari eskatzea baztandarren erabakia errespeta dezala, Bi alderdien aldeko 8 bozekin, Navarra Sumaren kontrako 3ekin eta Geroa Bairen 2 abstentziorekin onartu zen mozioa.
Baztango hamalau alkatek beren herritarrei galde eginen diete, Magnak Erdizen egin nahi duen meategiari buruz; Baztango Ordenantzak horretarako ematen dien eskuduntza baliatuz.
Mozioan nabarmentzen da Baztango Batzar Nagusiak eta Baztango Udalak Erdizeko meategiari buruz baztandarrei galde egiteko nahia behin eta berriz agertu dutela, akordio desberdinen bidez, eta bi ekimen administratibo abiatu zituztela; lehena Toki Esparruko Herri Galdeketak arautzen dituen Foru Legearen arabera, eta bigarrena, parte hartze eskubidean oinarriturik, galdeketa ez-errefrendarioaren arabera. Espainiako Ministroen Kontseiluaren erabakiarengatik, eta Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariarengatik, galdeketak alde batera utzi behar izan zituzten.
Orain herrietako alkateek, beren ahalmenak baliatuz, bakoitzak bere herriko herritarrei Erdizeko proiektuaz galde eginen diete.
Mozioak azaltzen duenez, Baztango Batzar Nagusiak eta Baztango Udalak behin eta berriz erran dute Erdiz baztandar guztien ondasuna dela eta, horregatik, baztandarrek horri buruz erabaki behar dutela. Lehenik eztabaidatuz eta ondotik bozkatuz. Halaber, tokiko autonomia eta tokiko erakundeen ahalmenak errespetatzea eskatu dute, eta Erdizeko proiektua Udalez Gaindiko Eragina duen Plana bezala ez tramitatzea.
EURITEAK Bertzalde, osoko bilkuran ere hainbat aurrekontu moldaketa onartu zituen Udalbatzak, aho batez, pasa den urteko abenduan izandako euriteek eragindako kalteak konpondu ahal izateko diru sail berriak sortzeko.
Amaiurko bi karriketan hodi berriak jarri eta konponketak egiteko 19,946,44 euroko diru saila sortzea adostu zen, eta Erratzun, Apeztegia Jauregi ondoko krainer lubetan eragindako kalteak konpontzeko, erreka bazterrean, harrizko lubeta egiteko 8.454, 67 eurokoa. Bi kasuetan, diruzaintzako gerakinetik finantzatuko dira lanak.
Bertzalde, bide eta nekazal azpiegituretan egindako kalteak konpontzeko 149.566,84 euroko diru saila sortzea erabaki zuen Udalbatzak. 77.834,58 euro diruzaintzako gerakinetik finantzatua eta 71.732,26 euro Espainiako Gobernuak emandako diru laguntzaren bidez.