Aurten ere, Beasaingo Udalak 2022an erretiroa hartu duten Beasaingo merkatariak omendu ditu, urte hauetan zehar egindako lan guztiari balioa eman eta tokiko merkataritza sustatu eta ikusarazteko helburuz. Oroigarri bana jaso dute ondorengo merkatariek: Xunai dendako Jokin Telleriak, Arnedoko Txokoko Basilio Gil Marinek, eta Usurbe Grafikako senar-emazteek, Jaione Crespok eta José Mari Martínezek.
Leire Artola, Beasaingo alkatea, eta Elena Ruiz, zinegotzia, udaltxean egindako omenaldi-ekitaldian izan dira sariak banatzeko betebeharrarekin, eta sektore honekiko babesa, gertutasuna eta laguntza mantentzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dute. Gainera, tokiko saltokietan kontsumitzera animatu dituzte herritarrak, eta goierritarrak orokorrean: “Tokiko merkataritzak gertukoa eta konfiantzazkoa balioan jartzen du. Tokiko merkataritzak arreta pertsonalizatua eskaintzen du eta herri izaera indartzen laguntzen du. Herrian kontusmitzea ezinbestekoa da tokiko merkataritza indartsua izaten jarraitzeko”.
Erakusleiho lehiaketa
Bestalde, Bareak elkarteak eta Beasaingo Udalak elkarlanean antolatutako Eguberrietako Erakusleiho Lehiaketako irabazleak ezagutzera eman dira bertan. Xalo arropa dendak lortu du lehen sariarengatik garaikurra, eta bien bitartean, urte osorako erakusleihoa apaintzeko doako zerbitzua; lau erakusleiho, bat denboraldi bakoitzeko. Bigarren sailkatua, aldiz, Andreak arropa denda izan da, eta hirugarrena, berriz, Kux-Kux haurrentzako arropa denda.
20 negoziok parte-hartu dute aurten ospatutako lehiaketan, eta herritarrek guztien artean gogokoenak hautatu dituzte; beasaindarrek izan dute, beraz, gabonetako erakusleiho politenak eta txukunenak zein diren aukeratzeko ardura.
Azken hauen artean sariak banatu dira ere. Hiru erosketa bono zozketatu dira lehiaketan bozka eman duten pertsona guztien artean. Zozketan irabazle atera diren boto-emaileak dira: Janire Miret (200 euro), Mertxe Madrid (100 euro), eta Conchi Rapón (100 euro).