Beasain – Beste urte batez, Beasaingo Udalak haurrentzako euskarazko udalekuak antolatu ditu. Helburua, euskararen jakintza eta erabilera sustatzea da, eta aldi berean, aisiaz disfrutatzea.
Udalekuak Etxarri Aranazko kanpinean dagoen Aterpetxean burutuko dira, uztailaren 4tik 13ra bitartean. 2009 eta 2013 urteen artean jaiotako haurrei zuzenduta daude. Plaza kopurua mugatua da, 50 haurrek parte hartu ahal izango dute. Izen-ematea zabalik dago jada; apirilaren 4tik maiatzaren 1era bitartean egin daiteke inskripzioa, https://labur.eus/LruQf galdetegia betez.
Prezioei dagokienez, seme-alaba kopuruaren arabera ezarri dira diru-kantitateak: seme-alaba bat, 150 euro eta bi seme-alaba, 255 euro. Famili ugarien kasuan, seme-alaba bat, 120 euro; bi seme-alaba, 225 euro; eta hiru seme-alaba, 300 euro.
Euskara eta Aisia Beasaingo Udalaren konpromisoetako bat da haurren artean euskararen jakintza eta erabilerari tinko eustea, "gure hizkuntza" sustatzen jarraitzeko asmoz. Eskola-garaian euskarari bultzada emateko ekimenak aurrera eramaten ditu udal gobernuak, eta opor garaian ere, joera berarekin jarraitu nahi du.
Helburu horren emaitza dira antolatu berri diren euskarazko udalekuak. Euskara, natura eta aisia lotzen dira haurren gozamenerako eta ikaskuntzarako.
Udan euskara hobetu, erabilera indartu eta naturaz gozatzeaz ez ezik, Beasaingo Udalak eskolen opor garaian familien kontziliaziorako lagungarria izango den zerbitzua eskaini nahi du Sakanan burutuko diren udalekuen bitartez.
Egitasmo hau, udal gobernuaren legealdi planean helburu nagusien artean jasota eta iragarrita ager-tzen da.