Buscar
Gipuzkoa

Bederatzi film eskainiko ditu Mendi Tour-ek datorren astean Tolosan

Mendi Film jaialdiko pelikula onenak ikusteko aukera izango da Leidor aretoan martxoaren 6, 7 eta 8an
Aitor Elduaien eta Olatz Peon, atzo aurkezpenean
Aitor Elduaien eta Olatz Peon, atzo aurkezpenean

Ate joka da Mendi Tour ekimenaren edizio berri bat. Aurtengoa hamairugarrena izango da eta, ohi moduan, mendiko zinemarik onenaren harribitxiez gozatzeko aukera izango dute Leidorrera gerturatzen direnek martxoaren 6, 7 eta 8an.

Mendiko, abenturazko, muturreko kiroletako eta naturako pelikula zoragarriek osatutako punta-puntako programazioa eskainiko da. Aitor Elduaien Mendi Film elkarteko ordezkariaren hitzetan, markak hausten ari da aurtengo edizioa: “Herri askotan gora egiten ari da ikusle kopurua eta ziur aski zerikusia izango du zinemetara itzulerarekin, baina mendi kulturaren isla ere bada”.

Atzo Tolosan egindako aurkezpenean Olatz Peon alkateak goraipatu zuen herrian dagoen mendizaletasuna: “Ez da harritzekoa Mendi Tour-ek Tolosan urtez urte duen arrakasta. Mendizaletasun handiko herria gara eta laster izango dugu Mendizaletasun Museoa zabaltzeko aukera ere”.

Aurtengoa programa “aberatsa eta gustu ezberdinak asebetetzeko modukoa” dela aurreratu zuen Aitor Elduaienek. Denera bederatzi pelikula ikusteko aukera izango da Tolosan.

Martxoaren 6an, astelehena, lau film proiektatuko dira: Agur artzai (27’), Gorbeian geratzen den azken artzainetako bati buruzkoa; Egoland (19’), animaziozko film mutua; A Baffin Vacation (12’), Baffin irlako paraje galduetan barrena egindako espedizioa kontatzen duena, eta Tòfol Castanyer, el corredor infinit (48’), mendiko lasterkarien aitzindariari buruzkoa.

Martxoaren 7an, asteartea, hiru film eskainiko dira: Andrenaline sucks (12’), non Matthias Giraud eskiatzaile eta BASE jauzilariak abentura kirolei buruzko bere ikuspegia azaltzen duen; Free Rider (33’) horma bertikalen konkistari buruzkoa; eta Everest sea to summit (59’), mendiko zinemaren historian izan den filmarik sarituenetakoa eta Aitor Elduaienen hitzetan, “luxua, galdu ezin den filma”.

Martxoak 8an, asteazkena, azkenik, proiektatuko dira This is Beth (18’), Beth Rodden eskalatzailearen errealitate gordinari buruzkoa, eta An Accidental Life (86’), fima hunkigarria, mendi istripu batek nola alda dezakeen bizitza kontatzen duena.

Sarrera solteak eta hiru egunetarako bonoak salgai daude oraindik eta eskuratu daitezke Leidorreko leihatilan eta online.

2023-03-03T02:59:12+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo