Buscar
Cultura

Begiradatik artea sortu

Baffest emakume argazkilarien jaialdia ospatuko dute urriaren 8 eta 9an Barakaldon. Jaialdiaren VII. edizioa da aurtengoa, eta Sara Naomi Leikowicz argazkilari estatubatuarra gonbidatu dute
Artea espazio publikora ateratzea da Baffest jaialdiaren helburuetako bat. Argazkian, antolatzaileak aurkezpen egunean.
Artea espazio publikora ateratzea da Baffest jaialdiaren helburuetako bat. Argazkian, antolatzaileak aurkezpen egunean.

Tamaina eta forma ezberdinetako argazkiek Barakaldoko kaleak hartu dituzte. Baffest emakume argazkilarien jaialdia dela eta, atzotik urriaren 30a arte bost erakusketa ikusteko aukera egonen da udalerrian. Jaialdiaren egun nagusia urriaren 8a izanen da; datorren larunbatean lehiaketaren irabazlea ezagutaraziko dute. 2016az geroztik antolatzen dute jaialdia, eta haren berezitasuna da obrak kalean jartzen dituztela, artea espazio publikora ateraz, eta hirian museo txikiak sortuz. Aurten, berritasunen artean, Sara Naomi Leikowicz artista estatubatuarraren 'Maggie: retratos de violencia doméstica' erakusketa ikusteko aukera egonen da. Gainera, New Yorketik etorri da Leikowicz bere lana aurkezteko.

Martxoan egin zuten edizio berriaren aurkezpena eta apirilean hautatutako 30 argazkiak aurkeztu zituzten. Argazki horiek Valentziako Revelarte eskolan, Madrilgo EFTI eskolan eta Donostiako San Telmo museoan aurkeztu zituzten. Festibala sortu zutenetik lehen aldiz egin dute hau, eta, antolatzaileen esanetan, "oso harrera ona izan du jaialdiak hiru hirietan". Honen ostean, epaimahaikideek bederatzi finalista aukeratu zituzten: Meritxell Ahicart, Ainhoa Valle, Georgina Rodríguez Ayala, Deebo Barreiro, Laura San Segundo, Raquel Bravo, María Hernández Laplaza, Tania Barrenetxea eta Irene Larrañaga.

Erakusketa berezia

Bost erakusketa ikusi ahalko dira aurten jaialdian: aipatutako finalisten lanak, Rocio Bueno, Cris P. Lareo eta Elena González Torresen lanak eta Sara Naomi Lewkowicz-en erakusketa. Azken hau, artista gonbidatu bezala, New Yorketik Barakaldora etorri da, 'Maggie: retratos de violencia doméstica' lana aurkeztera. 2013. urtean sortu zuen obra Lewkowicz-ek, eta horri esker hainbat sari eskuratu ditu eta sona handia lortu du. Hasiera batean, lanak beste gai bat jorratzen zuen: pertsona batek kartzelara behin eta berriz itzultzearen gaia kontatzen zuen istorioak. Proiektua lantzen ari zela, ordea, sexu-eraso baten testigu izan zen, eta horrek lanaren ildoa guztiz aldatu zuen. Oso eskertuta agertu da artista jaialdiaren gonbidapena jasotzeagatik: "Beti da hunkigarria konturatzea norbait nire lanaz arduratzen dela, batez ere hainbeste lan garrantzitsu dagoenean. Umiltasun lezio bat da, eta ohartarazten dit lana argitaratzen duzunean zurea izateari uzten diola", adierazi du argazkilariak.

Jarduera asko prestatu dituzte datorren astebururako. Ekitaldia urriaren 7ko arratsaldean hasiko da eta parte-hartzaileei harrera eginen diete. Larunbatean goizean, Clara Campoamor Kultur Etxean, obrak ikusteko aukera egonen da. Bisita gidatua egingo dute honen ostean, eta gero, herri bazkaria izanen dute. Arratsaldeko 17:00etatik aurrera hainbat aurkezpen eginen dituzte, eta 20:00etan Baffest 2022 saria emateko ekitaldia hasiko da. Igandean Cris P. Lareo artistaren erakusketa ikusteko bisita gidatua eginen dute eta berriro ere herri bazkari batekin amaiera emango diote jaialdiari.

FINALISTAK

Meritxell Ahicartek (Castello, 1992) 'Devilvery' lana aurkeztu du. Arte Ederrak ikasi zituen eta gero Argazkigintza, Arte eta Teknika masterra egin zuen.

Ainhoa Valle (Oviedo, 1981) 'Matrizcero' lanarekin aurkeztu da. Berak komunikazio zientziak ikasi zituen eta, egun, argazkilari-tza-jarduera irakaskuntzarekin uztartzen du.

Georgina Rodríguez Ayala (Mexico, 1986) 'Esquejes' lana sortu du. Industria Diseinua ikasu zuen Ayalak, eta egun Madril eta Bilbo artean bizi da. 2014. urtetik argazkigintzaren azterketa teknikoan sakondu du.

Deebo Barreirok (Vigo,1993) 'La casa de las delicias' lana aurkeztu du. Arte Ederrak ikasi zituen eta gero Arte Garaikideko ikerketa eta sormena masterra egin zuen. Orain, doktoretza egiten ari da Cuencako Arte Ederren Fakultatean (UCLM), "Queer pornografia eta pornografia feministaren eragina Espainiako arte-ingurumari garaikidean" izeneko tesia landuta.

Laura San Segundo (Madrid, 1990) 'El recinto circular' lanarekin aurkeztu da. Arte Ederrak ikasi zituen ere eta ikuste-artista, argazkilari profesionala eta arte garaikideko eta argazkigintzako irakaslea da Istituto Europeo di Design (IED) eskolan, EFTIn eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan.

Raquel Bravok (Madrid, 1981) 'Nubes, Pájaros, Flores' lana sortu du. Argazkilari eta irakaslea da Bravo, eta bere interesa memorian datza. Artxiboa asko erabiltzen du bertatik oraina berrikusteko.

María Hernández Laplazak (Tutera, 1990), 'Todo el rato pasan cosas' obra aurkeztu du. Berak diseinu grafikoa, argazkilaritza garaikidea eta zinema-gidoilaritza ikasi du.

Tania Barrenetxeak (Barrika, Bizkaia, 1984) 'Apegosferoces' proiektua sortu du. Kimikako Ingeniaritza ikasi arren, 2011. urtetik aurrera argazkilaritzaren munduan sartu zen.

Irene Larrañagak (Azpeitia, 1972) 'Insuladas' lana aurkeztu du. Kazetaria da lanbidez baina argazkilaria pasioz. Informazio Zientzietan lizentziatu zen eta hogei urte baino gehiagoz EITBn lan egin du. 2018an kazetaritza alde batera utzi eta argazkigintza ikasten hasi zen.

2022-10-04T17:30:06+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo