Behobia-Donostia lasterketaren 60. edizioan izena emateko prozeduraren lehen fasea abiatuko da asteazkenean, apirilaren 2an, eta ohiko parte hartzaileek eman ahalko dute izena, hau da, azken bost urteetan hiru izen-emate egin dituztenek, 5 euroko deskontuarekin (50 euro).
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ohiko parte hartzaile ez denak ere eman ahalko du izena, Joma promozioaren (doako izen-ematea Joma Running R familiako zapatila pare bat erostean), dortsal solidarioaren (izen-ematea 55 euro gehi gutxienez 7 euroko dohaintza) edo pakete turistikoaren (dortsala gehi ostatua) bidez.
Izen-ematearen lehenbiziko fasea apirilaren 23an itxiko da, eta bigarrena, izen-emate orokorrarena, maiatzaren 7an irekiko da.
Berritasun bezala, izen-ematea aldatzeko zerbitzua hobetzeko eta erabilera egokia bermatzeko asmoz, izen-emate aldaketa webgunearen bidez egingo da; antolakuntzak berak tramitatuko du izen-ematearen ordainketa eta ondorengo itzulketa, eta 5 euroko kostua izango du dortsala lagatzen duenarentzat. Horrela, izen-emate aldaketa egin ondoren, titular berriak izen-ematearen kontrola izango du.
Orobat, Joma babesle tekniko ofiziala izateko akordio berriaren ondorioz, Behobia-Donostia lasterketako kamisetak Joma markakoak izango dira. Beraz, kamiseten neurriak lehengo urtekoekin alderatuta desberdinak izango dira eta webgunean argitaratu den informazioa begiratzea aholkatu dute aukeraketa egin aurretik.
Bestalde, antolatzaileek nabarmendu dute 2018an hasi zen 50/50/25 proiektuaren "urte esanguratsua" izango dela 2025a, eta "bultzada berezia" emango diotela "lasterketan emakumeek duten presentzia normaltasun batera ahalik eta azkarren iritsi dadin". Proiektuaren helburua da emakumeen partaidetza guztizkoaren erdia izatea.
"Dagoeneko ikusten ari gara gure inguruko distantzia motzagoko beste lasterketetan lortzen ari dela helburu hau, eta deialdi berezia egiten dugu emakumeek izena eman dezaten, distantzia handiagoetan gizarte aldaketa hori ere eman dadin epe laburrean", adierazi dute.