XIX. mende amaierako garai iskanbilatsuan kokatutako narrazioak lehengo eta egungo Donostian barna eramango du irakurlea. Narratzaile berezia arduratuko da horretaz eta krimena ikertu beharko duen protagonista ere ez da ohiko detektibe edo polizia izango.
Urtarrilaren 20an egingo duzu lehen aurkezpena, (H)ilbeltza irekiko duen ekitaldian, baina lanak badaramatza asteak kalean. Jaso duzu lehen irakurleen iritzirik?
Abendurako liburua kalean zen, baina ez dugu promoziorik egin aurkezpen ofiziala (H)ilbeltzean izan zedin. Irakurri dutenek esan didate oso gustura irakurri dutela, bai genero beltzaren zale direnek baita gainerakoek ere. Aipatu didate amaiera arte intriga puntua mantentzen duela eta oso kritika onak egin dizkidate.
Lehenengo aldia izango duzu (H)ilbeltzean?
Bai. Ez dut esango bereziki nobela beltzaren zale amorratua naizenik. Orain arte idazle kanonikoak irakurri ditut eta idazketa prozesua hasi baino lehen uda oso bat eman nuen literatura beltza irakurtzen generoa menderatzeko. Egia da alde editorialetik askatasuna eman zidatela generoa desitxuratzeko, eta horretan ahalegindu naiz: kanona barneratu gero txikitzeko.
Zertan da apurtzailea ‘Amazurtza’?
Alde batetik, narratzailea oso berezia ageri da eta, bestetik, krimenaren ikerlaria ez da ohiko polizia edo detektibea, baizik eta kapela saltzaile bat. Donostian paradigmatikoa eta guztiz ikonikoa izan den Ponsol familiako kapela saltzailea da. Estilo eta forma aldetik berrikuntzak ditu, baina nobela beltza izaten jarraitzen du. Horrez gain, nobela historikoa ez bada ere, nahi duenak garai hartako testuinguruan sakontzeko bidea du.
Pertsonaia batzuk benetakoak dira, beste batzuk asmatuak...
Asmatutako guztiak egiantzekotasuna du: nahiz eta fikziozkoak izan, pertsonaia eta gertakari guztiak izan zitezkeen. Garai historikoaren gaineko dokumentazio lan handia egin dut horretarako. Oker ez banago, nobela osoan anakronismo bakarra dago, propio sartuta. Ea irakurleek harrapatzen duten!
(H)ilbeltza bekari esker argitaratu duzu lana. Zertan lagundu dizu?
Hau bigarren lan publikatua dut eta bietan berdin jardun dut: beka batera aurkeztu dut testua landu ahal izateko. Beñat Dardo Joseba Jaka bekara aurkeztu nuen eta eman egin zidaten eta Amazurtza (H)ilbeltzara. Horrek bi gauza on ditu: ziurtatzen dizu liburua argitaratuko dutela eta epe batzuen barruan lan egitera behartzen zaitu. Ofizioz ez naiz idazlea eta beste gauza asko egin behar ditut; bekak lan sistematika batean aritzen laguntzen dit. Sistema egokia iruditzen zait noizbehinka nobelaren bat argitaratu nahi dugunontzako.
Nolakoa izan da sormen prozesua?
Ia bi urteko bidea izan da. Dokumentazio lan handia egin dut, ez nobela historiko bat egin nahi nuelako, baizik eta narrazioan aipatu nahi nituen elementuak modu natural batean aipa-tzeko anakronismotan erori gabe. Horretarako, aztertu behar izan dut liberalek eta karlistek zer munizio erabiltzen zuten, baina baita garai hartako donostiarren bizimodua: nola janzten ziren, zer edaten zuten tabernetan, non esertzen ziren...
Inoiz aipatu duzu karlistaldien garaiko iruditegia falta zaigula.
Western bat ikusten dugunean inork ez du lan historikotzat hartzen, barneratuta dugulako garai hartako iruditegia. Denok dakigu nolakoak ziren bakeroen tabernetako ateak, baina guri garai hartako filmografia falta zaigu. Nik 1876ko Donostiako bizimodua ikertu behar izan dut, istorioa kontatzeko ezin bainintzen egoera historikotik bereizi. Lan handia hartu dut, baina oso gustura egin dut, eta jende askok eskertu dit. Ez naiz saiatu lezio historikoak ematen, baina liburuak badu beste irakurketa bat eta akaso norbaiti garaiaren inguruan sakon-tzeko eta gehiago iker-tzeko gogoa piztuko dio.
Zer dela eta kokatu duzu istorioa garai hartan?
Kontatu nahi nuen istorio beltza kontatzeko batere arautua ez zegoen garai nahasi bat aukeratu nuen: egunero eraso pean dagoen hiria, erreketa baten ostean berreraikia, industria iraultza puri-purian dagoela, batzuk zabaltzearen eta modernitatearen alde egiten duten bitartean beste ba-tzuk tradizioaren alde egingo duten garaikoa... nik argi nuen momentu historiko horretan kokatu nahi nuela istorioa eta zenbait elementu sartu nahi nituela, Bilintx kasu. Kasualitatea da, baina ilbeltzaren 20an aurkeztuko dut lana, Donostiako bonbardaketa garaian Bilintx zauritu zutela 149 urte beteko diren egunean
Narrazioa oso egun gutxitan gertatzen da, baina gauza asko gertatzen dira.
Magma egoera horretan heriotza bat gertatzen da, gerra garai erraza delako krimen bat egitea eta oharkabean igarotzea. Ikerketaren pisua Donostiako kapela saltzaile ezagun batek eramango du, eta horrela gaur egungo Donostiarekin egingo du lotura.