Gipuzkoa

Beldurrezko ibilbidea antolatu dute Tolosako Elosegi parkea

13 urtez gorako nerabeei bideratuta egongo da ekimena urriaren 29, 30 eta 31n
Ekimenaren antolatzaileak aurkezpenean. | ARGAZKIA: GALTZAUNDI

Gau beltzari ikusgarritasuna emateko helburuarekin, nerabeei begirako beldurrezko ibilbidea antolatu du aurten Galtzaundi Euskara Taldeak Tolosako Elosegi parkean. Urriaren 29, 30 eta 31n egongo da ekimen berri honetan parte hartzeko aukera.

XX. mendearen erdialdera arte euskarari eta euskal landa-eremuari oso lotuta egon den tradizioa izan da Gau beltza. Orain, tradizioa baliatu nahi izan du Galtzaundi Euskara Taldeak, horretan oinarrituz gau beltzari indarra emateko.

Ibilbidearen hasiera parkearen ate nagusitik egingo da (San Esteban auzoan). 19.00etatik 22.30era taldeak hamabost minutuz behin irtengo dira eta gehienez, bost pertsonakoak izango dira. Ibilbideak 30 minutuko iraupena izango du.

Beldurrezko istorioa antolatzeko fikzioan oinarritutako kontakizuna sortu dute. “Elosegi markesaren jauregiko lorategian, gauero-gauero, en-tzuten ziren ahotsak dira beldurrezko ibilbidearen oinarria. Beldurrezko ibilbidean parte hartzen dutenen misioa, ahots horien jatorria deskubritzea izango da. Zergatik entzuten ziren ahots horiek? Zer gertatu zen? Zer behar zuten?”, azaldu dute Galtzaundiko kideek.

Parte hartzea doakoa izango da, baina beharrezkoa da aurrez izena ematea. Hamahiru urtetik aurrerako gazteek (2009an jaiotakoak barne) izango dute parte hartzeko aukera eta horretarako bi aukera egongo dira: Galtzaundi Euskara Taldearen egoi-tzan edo online, www.galtzaundi.eus webgunean. Ekimena aurrera eramaten lagundu dute, Zumardia, Euskaltzaleen Topagunea, Tolosako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.

16/10/2022