Buscar
Cultura

Benetakoa. Baztangoa. Euskarazkoa eta beltz-beltza.

Astelehenean emango diote hasiera XI. (H)ilbeltzari. Aste osoan zehar hamaika ekitaldi antolatu dituzte Baztanen euskara, misterioa, krimena eta literatura ardatz hartuta, formatu anitzetan eta publiko eta zaletasun guztiei zuzenduta
Irudian, aurtengo (H)ilbeltza zikloaren antolatzaileak.
Irudian, aurtengo (H)ilbeltza zikloaren antolatzaileak. / (h)ilbeltza

Actualizado hace 6 minutos

Beste urte batez krimenak eta misterioak Baztango bazterrak hartuko ditu Euskal Nobela Beltzaren Astean. 2015ean genero horretako euskarazko literatura sustatu asmoz abiatutako ekimenak hamaikagarren edizioa beteko du datorren astean, eta berriz erakutsiko du Baztan dela genero beltzaren erreinua.

Antolatzaileek lehen (H)ilbeltza abiatu zutenean nekez pentsatuko zuten hamaika edizio betetzera iritsiko zirena. Ekitaldi xumea izan zen hura, ia kasualitatez sortutakoa. Baztango literatura zale talde batek urteak zeramatzan liburuak irakurri eta idazleekin solasaldiak antolatzen, harik eta espresuki nobela beltza lantzeko jardunaldi batzuk presta-tzea otu zitzaien arte.

Horrela jarri zuten martxan lehen ekitaldia, eta, urtez urte, jaialdiak hartu du egun duen forma eta lekua egin du bailarako urte hasierako programazioan. Maitane Maritorena Azkarate kideak azaldu gisara, edizioz edizio programa formatu bera errepikatzen dute, edukia berrituta. Liburu aurkezpenek, ikus-entzunezkoen emanaldiek, mahai-inguruek, solasaldiek, herri bazkariek eta jolasek bete ohi dute (H)ilbeltza. “Forma hartzen hasi zenetik horrela egiten dugu, baina beti esperientzia gehiagorekin, harreman estuagoekin eta sare zabalagoarekin”, erantsi du.

Elikatzeko, sormena eta itzulpena

Euskal nobela beltza “egoera onean” dagoela uste du Maritorenak, urtero euskarazko lan dezente publikatzen baitira eta, gainera, idazle klasiko ugarik landu izan dutelako generoa. Nolanahi ere, euskarazko ekoizpenak hauspotzen jarraitu asmoz, 2017tik beka bat ematen dute Baztango Udalarekin eta Txalaparta argitaletxearekin elkarlanean.

Horretarako, txandaka, sormen edo itzulpen lan bat saritzen dute urtean behin. Aurtengo (H)ilbeltza Joxan Oiz Arrutik irekiko du Amazurtza liburuaren aurkezpenarekin, hark eskuratu baitzuen azken sormen beka. XIX. mende amaierako Donostian, Bigarren Karlistaldian, gertatutako krimen baten ikerketa ekarri du idazleak. Pasarte historikoa eta kritika soziala nahasi ditu, eta horixe bera izan zen epaimahaiak saritu zuena.

Laster plazaratuko dute hurrengo sormen bekaren deialdia baina, bitartean, bada beste beka batekin lanean ari den norbait: Amaia Apaulaza Ollok irabazi zuen azken itzulpen beka, Núria Cadenesen Guillem euskaratzeko. Eskuak bete lan ari da horretan eta, dena ondo bidean, hamabigarren (H)ilbeltzan aurkezteko moduan izango da. Maritorenak zehaztu ditu proposatzen dituzten testuak hautatzeko erabiltzen dituzten irizpideak: “Saiatzen gara hizkuntza desberdinetako liburuak ekartzen, genero ikuspegia kontuan hartzen emakumeen lanak itzul daitezela bermatzeko eta genero beltzaren baitan kritika soziala egiten duen lana izan dadila”.

Literaturaz gaindi

Astelehenean hasi eta hilaren 26ra bitarte luzatuko da literatura zikloa. Baztangoa. Benetakoa leloarekin kaleratu zuten zabalpen spot-a eta berrestera datoz Baztan dela euskaraz idatzitako krimenen etxe eta egoitza. Horretarako, liburu aurkezpen eta literatura solasaldiez gain, askotariko ekintzak prestatu dituzte datorren astean zehar.

“Gure helburuetako bat publiko desberdinetara ailegatzea da. Ez duzu literaturan aditua izan beharrik eta ez duzu libururik irakurri beharrik ez literatura beltza ezagutu beharrik gure ekitaldietara etortzeko”, zehaztu du Maitane Maritorenak. Esaterako, ostiralean Sakanako tortura kasuak argitzeko ekoitzitako Argi(h)itzen dokumentala emango dute eta igandean Unai Elorriagak eta Josu Aurrekoetxeak Odola-kantari. Euskal kantagintzaren tragepedia aurkeztuko dute.

Horrez gain, urteroko itzuli beltza izango da igandean, aurtengoa Azpilkuetan Xartolako Axeri izenpean, eta larunbatean egun osoko plana antolatu dute. Goizean Nola sortu kriminal bat (nahi gabe) mahai-ingurua emango dute Edurne Elizondo kazetariak eta Mikel Elorza abokatuak Isabel Jaurenak gidatuta, kazetaria hura ere. Nor bere arlotik ahaleginduko da kriminal izendapenaren inguruko hausnarketak plazaratzen: nori ematen zaion, zergatik, kazetaritzak eta justiziak nola eragiten duten irudi horretan, politika eta kriminalitatea nahasten diren… “Gure kasuan, esaterako, Aroztegiaren aurkako kanpaldia egin zutenak kriminal gisa izendatu nahi dituzte…”, bota du hausnarketa Maritorenak.

Gogoetaldiaren ostean bazkaria egingo dute Erratzun. Ondoren, bazkalondoan liburu aurkezpenak antolatu dituzte, eta ilunabarrean susmagarrien gaua. Jai giroan, Erratzuko ostatuetan barna jolastuko dira parte hartzaileak. Taldeka zenbait enigma asmatu beharko dituzte ilargipean, eta sariak egongo direla aurreratu dute…

2025-01-22T20:39:17+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo