Navarra

Beratik Urruñara aitzinako bideetatik

Bi herrietako artistek elkarlanean landutako proiektuak eta eskultura aurkeztu dituzte Ibardinen eta Intzolan
Gaueko lanean ibili zirenei eskainitako eskulturarei inaugurazioa.

Irailaren erdialdean esleitu zituzten Berako eta Urruñako udale Bideak proiektuko bekak. Horien bidez egindako lanak aurkeztu zituzten igandean, goizean Asier Gogortza beratarrak eta Hodei Barroso urruñarrak prestatutako Intzolako Bidea proiektua eta arratsaldean, Berako Mikelperizenatarrek Urruñako Joseba Aurkenerena idazleak landutako Mandobidea eta gaueko lanean ibili zirenei eskainitako eskultura.

Intzolako Bidea proiektua ezagutzeko ibilaldia egin ondotik, hamaiketakoa izan zuten.

Bera eta Urruña lotzen dituen Intzolako bidean egindako lana erakutsi zuten igandean egindako ibilbidean. Aldi berean Urruñako Oletako Kaperatik eta Berako Usategietatik abiatu eta Intzolako bentara ailegatutakoan, bideo proiekzioa egin zuten Intzolako bentan. Hodei Barroso bertsolari eta rap abeslari urruñarrak eta Asier Gogortza argazkilari eta artista polifazetikoak ondu dute bidea, eta biak izan ziren igandeko aurkezpenean. Hodei Barrosok idatzitako bertso batzuk, puntuz puntu, egurrezko panel batzuetan idatzi eta bideko zuhaitzetan zintzilikatu dituzte. Bidea egiten den neurrian, bertsoa osatzen doa. Aitor Elexpuru eta Philipe Aramendi, Bera eta Urruñako alkateak izan ziren ekitaldian eta hamaiketakoa izan zuten bukatzeko.

Garai batean ‘paketea gauez nola eramaten zen erakusten.

Arratsaldean, berriz, gaueko lanetan ibili zirenen omenez egindako eskulturaren inaugurazioa egin zuten Berako Iciar, Javier eta Feliciano Mikelperizenak, eta Urruñako Joseba Aurkenerena idazleak.

Iciar Mikelperizena ibilbide luzeko margolaria da eta 25 urte baino gehiago daramatza pintatzen, Javierrek burdina eta harria lantzen ditu, eta Feliciano aitak, aldiz, Larhunen egin du lan bizi osoan, eta kontrabando istorioak ezagutu eta bizi izan ditu. Horiekin batera, Aurkenerena idazle eta irakaslea aritu da beraiekin eskuz esku lanean. Eskultura “gaueko lanean ibili zirenei” eskainia dago eta euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez idatzitako oroigarrian ageri denez, “mendi inguru hauetan gau eta egun, karga bizkarrean, bizia arriskuan jarririk, ibili zirenen oroitzapenez” egina da. Eskulturaz gain, Aurkenerenaren eskuizkribuak gau lanaren inguruko istorioak biltzen ditu, Feliciano Mikelperizenaren testigantzan oinarritua. Gau lanean erabiltzen zen ‘paketea’ nolakoa zen ere erakutsi zuten.

Ibardinen, Elizalde eta Mendi Mendian benten artean eskultura bat paratu dute, eta eskulturaren inaugurazioa eta Mandobidea proiektuaren aurkezpena eta luntxa egin zuten arratsaldean. Aurreskua dantzatu zuen Urruñako dantzari batek, txistulariek Agur Jaunak jo zuten eta zinta moztu ondotik, Patxi Castillok bertsoa kantatu zuen. Alkateek ere proiektuaren berri eman zuten.

Urruñako eta Berako udalek antolatu dute ekimen hau, eta Nafarroako Gobernuak diruz lagundu du.

Etiquetas
03/11/2022