Berdinak egiten gaituen bidea. Berdinak gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunaren aurkako bidean. Berdinak edozein desberdintasunen kontra eta ekitatearen alde. Berdinak izatea, pertsonen jatorria, arraza edo erlijioa kontuan hartu gabe, eta aukerak berdinak, desberdintasunak egonda ere. Berdinak egiten gaituen bidea lelopean, ONCE gizarte-taldeak 38. eskola-lehiaketarako deia egin du berriro. Lehiaketa horretan, hiru finalista sailkatu dira, besteak beste, Gasteizko 12 Nubes Gizarte Etxea.
Hala, eta ildo beretik, azpimarra-tzekoa da Gasteizko 12 Nubes Gizarte Etxea eta Santurtziko San José de Calasanz eta Bilboko La Inmaculada ikastetxeak Euskadiko fase autonomikoaren irabazle izendatu dituztela ONCE Talde Sozialaren 38. eskola-lehiaketan. Oraingo honetan, irakasleak eta ikasleak gonbidatu ditu ONCEk beren ingurune hurbilenean inklusioaren eta berdintasunaren aldeko lanak egitera, aisialdiaren, irisgarritasunaren edo hezkuntzaren esparruetan. Edizio honetan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 28 ikastetxetako 1743 ikaslek parte hartu dute, hezkun-tzako 43 profesionalen koordinaziopean. Lehiaketa honen helburu nagusia da gizarteratze- eta berdintasun-balioetan sentsibilizatzea eta lan egitea sustatzea hezkuntza-etapatik. Horregatik, eta helburu horrekin, lehiaketak hainbat baliabide eta material didaktiko izan ditu, lehiakideek gaia hobeto uler dezaten. Zehazki, "hezkuntza-sentsibilizazioko programa historiko honek inklusioaren eta berdintasunaren balioetan lan egitea bultzatu nahi du hezkuntza alorrean, LOMLOEn oinarritutako proposamen pedagogikoki gaurkotua eta erakargarria eginez", azaldu zuten atzo gizarte taldearen kideek. Edizio honetan, estatu mailako 1.865 ikastetxetako 151.381 ikaslek eta 2.320 irakaslek hartu dute parte, eta estatu osoko ikastetxe publiko, itundu eta pribatuetako ikasle guztiek eman ahal izan dute izena, Lehen Hezkuntzatik Batxilergora, Hezkuntza Bereziaz eta Lanbide Heziketaz gain. Gainera, zehaztu zutenez, ikasleen eta irakasleen parte-hartzea gela osoetan egin da. Lehen Hezkuntzakoek eta Hezkun-tza Berezikoek –A, B eta E kategoriak– beren ingurunean inklusioa eta berdintasuna sustatzeko jarraibideak aldarrikatzen dituen kartel bat egin behar izan dute. "Bestalde, Bigarren Hezkuntzakoek, Batxilergokoek eta LHkoek (C eta D kategoriak) gehienez 60 segundoko ikus-entzunezko pieza bat diseinatu dute, aisialdian, hezkuntzan, enpleguan edo irisgarritasun unibertsalean inklusioa eta berdintasuna nola sustatu azaltzeko", zehaztu zuten.
Aurkezpenen balorazioaren gainean, bertako kideek atzo jakitera eman zutenez, "Euskadiko epaimahaiak modu berezian baloratu ditu aurkeztutako lanen sormena, kalitatea, mezua eta irisgarritasuna. Honako hauek osatu dute: Marian Olabarrieta, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen zuzendariak; Sara Cabrera Vázquez, Noticias Taldeko kazetariak; Ana Inda, Bizkaiko IBT-ko zuzendariak; Juan Carlos Andueza, ONCE Euskadiko lurralde Ordezkariak; Rafael Ledesma, ONCE Euskadiko lurralde Kontseiluko presidenteak; eta Fernando Mendia, ONCE Euskadiko Koordinazio eta Talentu Buruak".
Ikasle irabazleak estatu mailako fasera igaroko dira, eta data gutxi barru jakinaraziko da horren ebazpena. Estatu mailan, dagokion kategorian, edizio hau irabazten duten
ikasle eta irakasleek tableta bat jasoko dute, inklusioaren eta berdintasunaren aldeko ideiak sortzen jarraitu ahal izateko.
Inklusioaren bidea "Hezkuntza oso boteretsua da gizarte bidezkoagoa eta hobea lortzeko. Lehiaketa honen bitartez eta zuekin batera, irakasle, ikasle eta familiok, etorkizun inklusiboagoa sortzen ari dugun itxaropena eta ziurtasuna dugu", esan eta adierazi zuten lehiaketaren hasieran. "Hori dela eta ONCE Gizarte Taldearen Eskola Lehiaketak, bere 38. edizioan, inklusioagatik elkarrekin lan egitera gonbidatzen zaituzte eta ikasleak aldaketaren agente bilakatzen ditu, haien ingurua inklusiboagoa egiteko helburuarekin ikasgeletan bertan eta haietatik kanpo ekitera animatuz. Guztiok batu bait di-tzakegu pausoak parekotasunaren bidean. Aurten, sentsibilizaziotik akziora pasatzea proposatzen dizuegu", ondorioztatu zuten.