Emakundek Berdintasun-politiketan aurrera egiteko orduan, legediak duen garrantzia lantzeko jardunaldi bat antolatu du.
Hala, eta ildo beretik, Lege berri bat berdintasunaren bidean aurrera egiten jarraitzeko jardunaldia martxoaren 1ean ospatu da. "Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politiken Sailak antolatzen du jardunaldi hau, Emakunde- Emakumearen Euskal Erakundearen bidez, EAEko berdintasun-legearen erreformaren lehen urteurrena dela eta. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-politiketan aurrera egiteko orduan, lege-esparruek duten garrantziaren gaia lantzea da helburua", azaltzen dute Emakundetik.
Zehazki, jardunaldiaren bidez honakoak lortu nahi dira: Europar Batasunean indarrean dagoen lege-esparruaren alderdirik adierazgarrienak ezagutaraztea, baita une honetan izapidetzen ari diren Europako Batzordearen proposamenak ere; Europar Batasuneko herrialdeen eta eskualdeen esperientzia eta praktika arrakastatsuak partekatzea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren ingurukoak; EAEko berdintasun-legearen erreformaren ezarpenarekin lotutako aurrerapenak eta lege horrek euskal gizarteko sektoreei proposatzen dizkien erronkak ezagutzera ematea.
Jardunaldia honakoei zuzenduta dago: euskal erakunde publikoetako politikariak eta teknikariak; emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko pertsonak; zuzenbidearen eta giza eskubideen alorreko profesionalak; akademia; eta, orokorrean, EAEko berdintasun-legearen aplikazioaren eraginpeko sektoreetako pertsonei eta erakundeei: enpresak, sindikatuak, alderdi politikoak, erakunde sozialak, besteak beste.