Buscar
Araba

Berdintasunari buruzko beka berriak

Hiriko bi gazteren artxiboko irudia. Argazkia: Jorge Muñoz
Hiriko bi gazteren artxiboko irudia. Argazkia: Jorge Muñoz

GASTEIZ – Genero-berdintasuna bultzatzea gizarte osoan, eta, horrekin, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak eta genero-indarkeria desagerraraztea, emakume izate hutsagatik emakumearen aurka egiten den indarkeria, alegia. Horixe da Emakumearen Euskal Erakundearen, Emakunderen, helburu nagusia; borroka horretan jarraitzen du, eta orain beste urrats bat eman du helburu horretan lanean jarraitzeko: Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak emakume eta gizonen berdintasunerako hiru beka deialdi onartu ditu 2022. urterako 70.000 euroko balioarekin, hain zuzen ere.

Horrela, eta ildo beretik jarraituz, lanak aurkezteko epea otsailaren 15ean bukatzen da. Deialdi honetan hiru beka mota daude, mota bakoitzari ikerlan desberdin bat dagokiola. Hauetako biren helburua da bekadun izango direnak genero-harremanen testuinguruan agertzen ari diren ikerketa-gai eta -eremuetara bideratzea eta eremu horietan trebatzea sustatzea, eta gizartean balio-aldaketa bat gerta dadin laguntzea. "Lehenengo motako beka: gizarteko eremu guztietan balio-aldaketa gauzatzen lagunduko duten eta gizartea berdintasunerantz eramango duten ekimenak eta proposamenak bilatzea, eta horretarako dauden faktoreak aztertzea", azaldu eta erantsi zuten Eusko Jaurlaritzatik. "Bigarren motako beka: egoerak eta desberdintasunak aztertzea askotariko diskriminazioa jasateko arriskuan dauden emakumeen kolektiboan; bereziki, baliabide sozial eta ekonomikoez baliatzerakoan eta segurtasunaren arloan jasaten duten diskriminazioa".

Bestalde beste hirugarren beka baten bidez, "oso aitortua den premia bati erantzungo zaio", hots, askotariko bereizkeria jasaten duten edo jasateko arriskuan dauden emakumeen premiak aztertzen eta premia horiei erantzuten aurrera egiteko beharrari, azaldu zuten Emakundetik. "3. motako beka: erabaki soziopolitikoak hartzeko eremuetan emakumeek duten irispidea, parte-hartzea eta eragina aztertzea, eta ekimenak eta estrategiak bilatzea emakumeen ahalduntze politikoa, ekonomikoa eta soziala eta lidergoa mesedetzeko eta sistema patriarkala aldatzen edo gainditzen laguntzeko.

Beka eskatzeko tramitazioa bi modutan egin daiteke. Aurrez aurre edo online. Tramitazio presentziala egiteko, beharrezkoa da eskatzen diren inprimakiak betetzea, eskatzen den dokumentazioa prestatzea, tramitazio presentzialaren aplikaziora sartzea eta dokumentazioa aurkeztea, Eusko Jaurlaritzatik adierazi dutenez.

Berdintasuna Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea Eusko Jaurlaritzaren erakunde autonomoa da, berdintasunerako politikak diseinatu, bultzatu, haien inguruan aholkatu, koordinatu eta ebaluatzen dituena, bai eta gizartea sentsibilizatzen duena ere, Euskal autonomia-erkidegoko emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreal eta eraginkorra lortzeko xedez. Erakundeak bi jardute arlo nagusi ditu: alde batetik, administrazio publikoekin burututako lana, berdintasunaren aldeko egiturak sendotzeko eta politika publikoetan generoaren ikuspegia txertatzeko neurriak martxan jar daitezen bultzatzekoa; bestetik, "gizartearekin oro har egiten duen lana, emakumeen ahalduntzea bultzatuz, enpresetan berdintasuna egotea sustatuz, emakumeekiko indarkeria prebenitzeko neurriak hartuz, diskriminazio kasuetan aholkularitza eta defentsa eskainiz, bai eta gizartea berdintasunaren alde sentsibilizatuz ere".

Xehetasunez

Beka. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak emakume eta gizonen berdintasunerako hiru beka deialdi onartu ditu 2022. urterako 70.000 euroko balioarekin. Lanak aurkezteko epea otsailaren 15ean bukatzen da. Deialdi honetan hiru beka mota daude, mota bakoitzari ikerlan desberdin bat dagokiola. Hauetako biren helburua da bekadun izango direnak genero-harremanen testuinguruan agertzen ari diren ikerketa-gai eta -eremuetara bideratzea eta eremu horietan trebatzea sustatzea, eta gure gizartean balio-aldaketa bat gerta dadin laguntzea. "Bestalde beste hirugarren beka baten bidez, oso aitortua den premia bati erantzungo zaio, hots, askotariko bereizkeria jasaten duten edo jasateko arriskuan dauden emakumeen premiak aztertzen eta premia horiei erantzuten aurrera egiteko beharrari".

Tramitazioa. Beka eskatzeko tramitazioa bi modutan egin daiteke. Aurrez aurre edo online. Baldintza guztiak Eusko Jaurlaritzaren webgunean daude eskuragarri.

2022-01-07T08:36:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo