Bizkaia Foru Aldundiak 60.000 euro inbertituko ditu Bermeok bizikletentzako aparkaleku segurua izateko Udal Azokan. Honela, udalerria BiziPark sarearen osagarri bihurtzen da. "Mugikortasunean aurrera egiten jarraitzeko beste urrats bat izateaz gain, BiziPark ekimena oso praktikoa da, txirrindulariei bizikletak uzteko leku bat eskaintzen baitie; izan ere, mundu guztiak ez du bizikleta gordetzeko lekurik etxean", adierazi du Aritz Abaroa, Bermeoko alkateak.
Abaroak eta Mugikortasun Jasangarriko foru zuzendariak, Angel Anerok, astearte honetan sinatu dute hitzarmen hau bermeotarrei bizikletak aparkatzeko toki seguru bat eskaintzeko eta mugikortasun jasangarria sustatzeko helburu bikoitzarekin.
Instalazioek gutxienez 35 bizikletentzako lekua eta sarbideak kontrolatzeko sistema bat izango dute. Gainera, suaren aurkako segurtasuneko zortzi armairu jarriko dira gutxienez, banakako hartune elektrikoarekin, argiztapen iraunkorrarekin eta Udaltzaingoaren segurtasun-zerbitzuarekin konektatutako kameren bidezko zaintza-sistemarekin.
Beste behin ere, Bermeoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko lankidetzari esker gauzatu ahal izan den proiektua da. Ildo horretan, udalerriko alkateak zera adierazi du: "horrelako proiektuak gauzatzeko orduan erakundeen arteko lanak duen garrantzia nabarmendu nahi dut berriro, Bermeori eta bermeotarrei mesede handia egiten dieten proiektuak baitira. Proiektu hori oraindik ere egiteke dagoen bidearen adibide bat bestetik ez da". Hitzarmenaren esparruan, beraz, Bizkaiko Foru Aldundiak 60.000 euro inbertituko ditu Udal Azokako aparkalekua egokitu eta ekipatzeko, eta Udalak, berriz, espazio hori lagatzeaz gain, proiektua gauzatzeko ardura izango du.
"Esperientziak erakusten digu, mugikortasun aktiboa sustatzeko helburuan aurrera egiteko modu on bat dela toki-erakundeei zuzenean laguntzea bizikletaren erabilera errazten duten eta beste garraiobide publiko batzuekiko intermodalitatea errazten duten ekipamenduak eraiki ditzaten, ibilgailu pribatuaren kaltetan" adierazi du Mugikortasun Jasangarria foru zuzendariak.