Bermeoko (Bizkaia) Portuko Udal Kontseilu berria eratu da, eta portuaren egoera eta aukerak eta merkataritza, arrantza eta itsas aisialdiko jarduerak aztertu ditu aurrerantzean.
Koldo Goitia Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako zuzendaria buru zela egin da lehen bilera astelehen honetan, eta bertan izan dira Ixone Soroa Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria, Edurne Egaña Euskadiko Kirol Portuak erakundeko zuzendaria, Nadia Nemeh Shomaly Bermeo alkatea eta Marbeco eta Bermeo Offshor kontsignatarioak, Arrantzaleen Kofradia eta Bermeoko Amarratzaileen Elkartea.
Bilera Bermeoko Portuko bulegoetan egin da eta hiru dartsenen egoera aztertu dute. "Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duen eta espazio berean arrantza jarduera, salgaien garraioa eta uretako aisialdia egiten diren portu bakarra da", zehaztu du Goitiak.
Merkataritza portuari dagokionez, 2024. urteaan 83 merkataritza ontzi sartu ziren eta deskarga bolumena 180.000 tonakoa izan zen.
Arrantza portuan 30 ontzi daude, eta "funtsezko zeregina" betetzen du bertako ekonomian: 2024an, Bermeoko Kofradiaren arrain salmentak 2.700.000 kilo ingurukoak izan ziren. Portu Zaharrean, hau da, aisialdiko portuan, esleitutako 400 amarraleku daude.
Bileran, portuaren garapenerako eta modernizaziorako alderdi estrategikoak eztabaidatu dituzte, portuaren lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko. Gainera, epe labur eta ertaineko inbertsioak ere aztertu dira, hala nola izotz fabrika eraikitzea eta lekuz aldatzea, eta izotz fabrikaren egungo eraikina eraistea.
"Bermeoko portuaren plan berezia laster onartzearekin batera, eta ingurumen ebaluazioari buruzko adierazpena berriki argitaratu ondoren, merkataritza portura eramango dira zerbitzuak eta azpiegiturak, etorkizuneko garapenean laguntzeko", azaldu du Goitiak.
Gainera, Eusko Jaurlaritzako Kirol Portuen Zuzendaritzak amarralekuak gehituko ditu Artza inguruan pantalanak jarriz, ontzitegi orgak egokituko dira eta kapitaintza bulego berria gaituko da.