Bizkaia

Berriatuko Herri Ondareari buruzko Internet atari berria

Goikolau Kultur Elkartearen proiektuak iragana eta oraina uztartzea du helburu
Proiektu berriaren aurkezpena
Proiektu berriaren aurkezpena / Traola Produkzioak

Berriatuko Herri Ondareari buruzko Internet ataria sortu du Berriatuko Goikolau Kultur Elkarteak, Udalarekin elkarlanean eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Interneteko atari berrian Berriatuaren ondare materiala jasotzen da, eta Iñigo Manzisidor Goikolau Elkarteko ordezkariak aurkezpenean azaldu zuenez, “lehengo herritarrek sortutako ondarea eta egungo herritarrak sortzen ari direna ezagutaraziko ditu Berriatuko Herri Ondarea Internet atariak”.

Beraz, herritarrek herritarrentzat egindako proiektuaren helburua iragana eta oraina batzea eta komunitatea bera indartzen laguntzea da.

Modu oso grafikoan, txartel edo fitxa laburren bidez, jasotako informazio guztia modu erakargarrian, ongi antolatuta eta erabiltzaileak erraz eskuratzeko moduan, elkar lotuta eskaintzen du ondarea.berriatua.eus webguneak, eta etorkizunean informazio eta dokumentu gehiagoz osatzea da asmoa.

Ondare immaterialari dagokionez, oparoa da Goikolau Kultur Elkarteak webgunean eskuragarri jarritako edukia. Kultur eta kirol arloetan eta beste hainbat esparrutan herriko taldeek gaur egun egiten duten lana ezagutzeko parada eskaintzen da.

Era berean, elkarrizketak, bideoak, argazkiak eta bestelako dokumentuak baliatuz, iragana eta oraina uztartzen dituzten hainbat ekimeni buruzko edukia dago eskuragarri: ohituraz egiten den ihauteri giroko santa eskea, kanpai deiak eta herriko kofradien ohiturak, itsasotik hurbil dauden herrietan zabalduta dagoen den proba mundua eta abar luze bat.

Bilboko Plaza Barriko Euskaltzaindiaren egoitzan egin zen aurkezpenean Iñigo Manzisidor, Joseba Goienola Berriatuko alkateak eta Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatuak hartu zuten parte

2025-04-13T06:03:03+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo