Sukaldatzeko denbora gutxi eduki arren, modu ekonomiko batean, garaiko eta tokiko elikagaien alde egin nahi dutenentzat Hernaniko Ibaiondo poligoan kokatuta dagoen Bertatik enpresak Bertako tupper proiektua abian jarri zuen duela urtebete.
“Zerbitzu honen bidez, norbanako zein enpresen elikadura beharrei modu pertsonalizatuan erantzuten diegu, zerbitzu malgu bat eskainiz (menu osoa, menu erdia...) eta elikadura osasuntsu bat bermatuz”, aditzera eman dute enpresatik.
Zerbitzuaren funtzionamendua oso erraza da eta prozedura guztia Bertatik enpresako webgunetik egin daiteke. Lehenengoz, asteko menua eta gustuko platerak aukeratu behar dira eta ondoren Bertatik-eko langileek eskatutako menuak lantokira edo bilketa puntura eramango dituzte. Egun 50 menu banatzen dituzte.
2023tik martxan
Bertatik, Zabalduz koop. eta Fede Pacha & Co enpresen artean 2023an sortutako lankidetza proiektua da. Bi enpresen esperientzia eta jakintza bateratuz, garaiko eta tokiko elikagai osasuntsuak oinarri izango dituen egitasmo gastronomikoa jarri zuten martxan.
Bere eginkizuna lehenengo sektoreko produktuak eraldatzea da eta eraldaketa gunean, sukalde zentrala ere deritzonan, sukaldatu edo eraldatzen dituzte.
“Eskaintza gastronomiko zabal honen bidez, bertako elikagaiak Gipuzkoako etxe, enpresa edota jantokietako mahaietan geroz eta presenteago egotea dugu xede. Eta, horretarako, lurraldeko ekoizleen eskutik egiten dugu lan, lankidetzan, lurraldeko elikadura sistema iraunkor eta burujabea sortzeko bidean gure ekarpena eginez”, azpimarratu dute.
Hortaz, Bertatik, tuperrez gain, elikagaien eraldaketa eta sukalde eta jantoki zerbitzu integrala eskainten ditu.
“Hori gutxi balitz, Bertatik-en bidez gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea sustatzen dugu, lurraldeko kohesio sozialaren bidean ere gure alea jarriz”, gaineratu dute. Izan ere, enplegu inklusiboaren bidez, bazterketa egoeran aurkitzen diren pertsonak formatu eta sektoreko profesional bilakatzea enpresa honetako beste erronka bat da.
Hernani Burujabe
Bere identitate ikurra bertako eta garaiko produktuen erabilera izanda, Bertatik enpresak Hernani Burujabe proiektu komunitarioan parte hartzen du, konkretuki elikadura arloan.
Elikadura Burujabetzak Hernaniko lehen sektoreko balio kate osoak elkar hartu du Hernaniko elikadura sistema iraunkor eta burujabea martxan jartzeko estrategia garatzeko.
Hernaniar guztien elikatzeko eskubidea bermatze aldera, hainbat agentek parte hartzen dute dinamika honetan: HENASE (Nekazal abeltzainen sustapenerako elkartea), Herrilur (tokiko produktuen kontsumoa sustatzeko elkartea), Bertatik, Berriak (Hernaniko merkatari eta ostalarien elkartea) eta Hernaniko Udala.
Hernani Burujabetik azaltzen dutenez, estrategia horrek bi helburu nagusi dauzka: lehenengo sektorea indarberritzea eta balio kate osoa sustatzea.
Asmo horrekin bat eginda, sukalde zentrala ere jarri da martxan plangintza horren baitan, merkaturatzeko aukerak handitu eta dibertsifikatzeko. Sukalde hori Bertatik Elikatuz enpresak kudeatzen du, eta bertan ere laneratzeko eta gizarteratzeko lanpostuak sortzen ari da. Haiek saltokietara eramateko banaketa sare bat ere martxan da, eta lanpostu gehiago sortu dira zeregin horretan ere.
Herrilur kooperatibak Herri Lur denda martxan du Hernaniko Izpizua kalean, produktu horiek merkaturatzeko.
Elikadura burujabetza sustatzen ari den sare horrek marka komertzial bat sortuko du produktu guztietarako: HernaniKUA
Kohesiorako lanpostuak
“Lehen sektorea enpleguaren eta ekonomiaren motor bihurtzeaz gain, laneratzeko eta gizarteratzeko lanpostuak sortzen ari dira estrategia horren baitan”, azpimarratu dute Hernani Burujabetik.
Gainera, arestian aipatu bezala, Bertatik enpresak bazterkeria egoeran dauden pertsona eta kolektiboentzako lanpostuak sortzen ditu. Bazterkeria egoeran dauden pertsonei sei hilabeteko formakuntzak eskaintzen ari zaizkie Nekazaritza Eskolan nekazaritza ekologikoan aritzeko, eta ondoren ordaindutako praktikak egiten dituzte HENASEko ekoizleen etxaldeetan.
Bidenabar, pertsona horiek epe luzerako lan irtenbideak izan ditzaten, Udalak borondatea du nekazaritzarako lurrak erosteko, euren esku uzteko asmoz.
Lur horietan ekoitziko diren produktuak balio kate burujabean jarriko dira gizartearen esku, tokiko eta garaiko produktu ekologiko eta kalitatezkoak. Asmoa da herritarrek gero eta produktu gehiago kontsumitzea sare horretatik.