Buscar
Cultura

Bertsolari Txapelketa Nagusia: Sustrai Colina nagusi Irungo finalaurrekoan

710 punturekin nagusitu zen urruñarra larunbat honetako finalaurrekoan, azaroaren 26an Baionan ospatuko den saiorako pase zuzena eskuratuz.
Sustrai Colina Irungo finalaurrekoan Bertsolari Txapelketa Nagusia
Sustrai Colina Irungo finalaurrekoan Bertsolari Txapelketa Nagusia

Bere lehenengo saioa zuen Sustrai Colinak atzoko Bertsolari Txapelketa Nagusiko Irungo finalaurrekoa eta garaipena bereganatzea lortu zuen, 710 punturekin, Ficoba aretoa lepo bete zuten 2.510 zaleren aurrean. Urruñako bertsolariak, hala, datorren azaroaren 26an Baionan ospatuko den finalaurrekorako pase zuzena eskuratu du.

Saio oso orekatua izan zen atzokoa eta bertsolariek ariketa ederrak osa-tzea lortu zuten, batez ere zortziko handian eta ganbarako ariketetan. Colinaren atzetik Nerea Ibarzabalek lortu zituen puntu gehien, 673; eta haren ondotik gelditu ziren Jone Uria (660,5 puntu), Miren Artetxe (644,5 puntu), Maialen Arzallus (635 puntu) eta Ane Labaka (631,5 puntu). Puntuazioek, alta, behera jo zuten Elizondoko lehenengo finalaurrekoarekin alderatuz, non sailkapen orokorreko puntuazio altuenak eskuratu ziren.

Ganbarako ariketan bildu zituen puntu gehien irabazleak: “Kalean zoazela haren ahotsa entzun duzu. Hunkitu egin zara”, bota zuen gidari lanetan aritu zen Maialen Belarrak. Urruñarrak haurtzaroko ikaskide bat kale gorrian bizitzen aurkitzen duenaren paperetik abestu zuen, ale ederrak osatuz eta printza anitzez betetako bertsoaldia eraikiz. Zortziko handian Nerea Ibartzabalekin batera osatutako ariketa ere nabarmentzekoa izan zen, baita zortziko txikian osatu zuen bertsoaldia ere.

Erran bezala, Colina datorren azaroaren 26an Baionako Lauga kiroldegian ospatuko den finalaurrekoan arituko da, eta han izango du finalerako pase zuzena eskuratzeko aukera. Ibarzabalek, Uriak, Artetxek, Arzallusek eta Labakak datorren asteburuan Durangon jokatuko den finalaurrekoetako lehenengo itzuliko azken saioaren emaitzari itxaron beharko diote hurrengo fasera igaroko diren jakiteko edo zein finalaurrekoetan arituko diren argitzeko. Izan ere, sailkapen orokorra ikusita eta kontutan izanda sailkapeneko azken sei bertsolariak izango direla lehiatik kanpo geldituko direnak, arriskuan dagoen saio honetako bertsolari bakarra Labaka da. Durangon gerta-tzen dena gertatzen dela ere, gainon-tzekoek hurrengo fasean arituko direla ziurtatuta daukate.

Finalaurrekoetako lehenengo itzuli honetako azken saioa azaroaren 12ean ospatuko da Durangoko Landako gunean, 17:00etan. Kantuan ariko diren bertsolariak Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Mendiluze Gonzalez, Beñat Gaztelumendi Arandia, Eñaut Martikorena Lizaso, Julio Soto Ezkurdia eta Saioa Alkaiza Guallar izango dira. Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

Sailkapena

*Saioko irabazleak zuzenean igaroko dira hurrengo fasera.

Gainontzeko bertsolariak, puntuazioaren arabera sailkatuko dira.

Alaia Martin* 729,5

Joanes Illarregi 711

Sustrai Colina* 710

Oihana Iguaran* 688,5

Amets Arzallus 688

Agin Laburu 677

Nerea Ibarzabal 673

Jone Uria 660,5

Unai Agirre 652,5

Miren Artetxe 644,5

Onintza Enbeita 639,5

Maialen Arzallus 635

Ane Labaka 631,5

Nerea Elustondo 628

Iñaki Apalategi 623,5

Asier Azpiroz 616

Haritz Mujika 615

Aitor Etxebarriazarraga 612

2022-11-07T10:08:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo