Cultura

“Besteen iritziak gehiegi balio duen momentu bat bizi dugu musikan”

Eneritz Furyak sortzaileak bere hirugarren lana argitaratu du ‘hhh’ izenburupean. Azken urteetan zehar garatutako esperientziek bere kantak ekoiztera eraman du, jolas zentzuan uler daitezkeen esperimentazioekin; emaitza bederatzi kantez osaturiko disko pe
Eneritz Furyak ‘hhh’ lan berria plazaratu du. / ENERITZ FURYAK

Eneritz Furyak (Irun, Gipuzkoa, 1993) musikariak argi dauka egiten duen musika ez dela, agian, mundu guztiarentzat, baina bai hasiera batean uste daitekeena baino pertsona gehiagorentzat. Horregatik, musika munduari eskatzen dio bere lanak ezagutarazteko aukera gehiago izatea.

Zure azken lanaren izenburua ‘hhh’ da, nahiz eta akronimo hori ‘Hego Haizearen Ahoan’ izeneko abestitik eratorria den. Ez luke HHA izan beharko izenburuak, HHH beharrean?

Egia esan diskoko kantuetariko bat, Zelatari izenekoa, niretzat berezia da, gauza asko kontatzen dituen letra daukalako. Asko sinplifikatu nuen azkenean, zerbait onirikoagoa bihurtu asmoz; edo behintzat, jendeari aukera gehiago ematen ziona bere irakurketa propioa egiteko. Kantu tranpati bat da: ematen du diskoaren gainerako kantuekin ez dela horren ondo ezkontzen, baina nik uste dut baietz. Oso metaforikoa den letra horretan, bada momentu bat “Hego Haizearen Ahoan egotea” esaten dudala eta niretzat irudi indartsu bat da. Ez gaudenean ongi, baina ongi ez gauden momentu horretan hain txarto ez gaudela kontuan izatea irudikatzen dut. Dena idaztea pisutsuegia iruditu zitzaidan eta hitz guztiek H zeukatenez, izen hori jartzea erabaki nuen. Ez da zehazki akronimo bat, baina hori da aitzakia izenburuarentzat.

Diskoaren ekoizpena ere zuk eginda dago, aurreko lanean gertatu bezala. Lan horrek askatasun asko ematen dizu zuk nahi duzuna egiteko, baina era berean ez duzu faltan bigarren iritzi bat izatea momentu batzuetan?

Alde batetik, agian bai, eta horregatik disko honetan beste parte har-tzaile batzuk egon dira. Ekoizpenari dagokionez, Oriol Floresek hartu du parte. Egia da bere proposamenetatik xehetasun batzuk geratu direla, gehiago dira apaingarri txiki batzuk. Batez ere lan honetan perkusiaren mundan sartu naiz; aurreko diskoan ez zegoen perkusiorik, nahiz eta erritmika gitarraren esku egon. Oriolengana jo nuen adituagoa delako arlo horretan. Uste dut musikan besteen iritziak gehiegi balio duen momentu bat bizi dugula, eta horrek homogenizazio batera garamatza. Niri ez zait hainbeste interesatzen besteen iritzia, baizik eta jolas propioa eta honek zer sor dezakeena besteengan. Hala ere, momentu batzuetan beti behar duzu besteek zer pentsatzen duten jakin, baina ez gara izaten hain zin-tzoak. Eztabaida horretan bizi naiz.

Zure musikan esperimentazioa sorkuntza prozesuaren parte bat kontsidera daiteke?

Bai, zalantzarik gabe. Agian gehien maite dudana da. Beti esaten dut ez dudala hain garbi azken disko honetan horrenbesteko esperimentazioa dagoenik. Ulertzen dut publiko orokorrarentzat, baietz. Gehienbat sorkuntza lana ikaste prozesu bat bezala ulertzen dut, saiakerak egiteko prozesu bat eta hor sartzen dira jolas zentzuan uler daitezkeen esperimentuak. Guretzat hain eroso ez gauden lurralde batzuk deskubri-tzea da. Lehen traba bezala ikusten nuen, baina orain tresna bezala ikusten dut gehiago.

Zure diskoek zenbat entzunaldi behar dituzte haiengana hurbiltzeko?

Esango nuke pertsonaren eta momentuaren araberakoa dela. Beti entzun ahal duzu azaletik, baina entzun baino gehiago benetan aditu nahi baduzu, behin eta berriz entzun behar da; ez zentzu behartu batean noski, baizik eta oharkabean pasatu diren gauza batzuk deskubritzeko modu batean. Gehiago plazeretik.

Badago momentu egokiren bat entzuteko?

Ez dakit besteentzat, baina, niretzat autoak, adibidez, badu magia asko. Hau ez da oso ekologikoa agian kar, kar, kar. Baina egia da behin baino gehiagotan gertatu zaidala autoan deskubritu dudan kanta batek beste dimentsio bat hartzen duela. Nire kasuan autoan da, baina diskoak edonor munduaz pixka bat ahaztu daitekeen momentu horretara eraman dezake.

Azken lan honetan bi kolaborazioa izan dituzu. Nolakoak izan dira bi esperien-tziak eta nola aukeratu zenituen? 

Alde batetik, Fernado Sapok kolaboratzen du diskoan. Rockaren mundutik gehiago ezagutzen dugu, baina bere letrak idazteko moduak beti izan du zerbait poetikoa. Azkenagina kantuan kolaboratzen du, eta esango nuke diskoko kantu esperimentalenetakoa dela. Kantua sortu eta kolaborazio batean pentsatu nuenean, bera etorri zitzaidan burura berehala. Agian melodiaren jira batzuek Sapo ekartzen zidaten gogora, baina banekien arrisku bat ere bazela. Hala ere, asko maite dut emaitza eta oso pozik nago arrisku hori biok hartu izanaz. Beste alde batetik, badago beste kantu bat, Begiztan, eta Idoia Hernandezek kolaboratzen du. Kantua nire-tzat nahiko jolastia da, badu puntu teatral bat. Pentsatu nuen kolabora-tzekotan inguruko norbait izan behar zela eta Idoia etorri zitzaidan burura. Egia esan bi prozesuak nahiko desberdinak izan dira, baina biak ala biak zintzotasunetik eginak.

Zure lanak esperimental kontsidera-tzeaz gain, pertsonalak ere badira. Kantuak sortzerakoan ondo dago hori, baina gero jende aurrean aurkeztu behar dituzunean, zaila egiten zaizu sortutakoa plazaratzea?

Zaila da jende askorengana heltzea. Badakit nahiz eta musika oso barrutik egin, ez dudala bide errazena aukeratu. Pertsonalki oholtza gainean jar-tzea ez zait zaila egiten.. zailena merkaturatzea da, nolabait. Zerbaitez kexatu beharko banu esango nuke Euskal Herri mailan proiektu oso interesgarriak ditugula eta gehiago lortu beharko litzatekeela publikoa horietara iristea. Ez dut negarrez ibili nahi egun osoa, onartua baitaukat nire musika ez dela mundu guztiarentzat, baina bai iruditzen zait uste duguna baino jende gehiagorentzat izan ahalko litzatekeela. Horregatik, uste dut lanketa falta asko dagoela erakunde, hedabide eta abarren partetik, nahiz eta egon badagoen.

12/12/2024