Alex Gerediaga (Bilbo, 1974) urtebetez aktore lanetan aritu zen, eta ondoren sortu zuen Khea Ziater konpainia. 2009an sortu zen berez konpainia, baina 2014an ekoiztu zuten Not Never On Time lanean ikusten du zuzendariak abiapuntua. Otsailean estreinatu zuten Sopelan Scrooge eta mamuak film eszenikoa, Un Cuento de Navidad eleberriaren egokitzapena. Film eszenikoaz gozatzeko beste hainbat aukera egongo dira; haien artean, apirilaren 4, 5 eta 11n Berrizen, Amorebietan eta Oreretan.
Dauden eleberrien artean, zergatik erabaki duzue ‘Un Cuento de Navidad´ egokitzea?
Scrooge eta mamuak haurrentzat egin dugun lehendabiziko obra da, dibertsifikazio beharra dela eta. Konpainia gehienek nagusientzako obrak soilik ekoizten dituzte. Behin taldearekin hitz eginda, konturatu ginen gure estiloa haurrentzako an-tzerkira zabaldu genezakeela eta burura etorri zitzaidan nik txikitan gozatu nuen istorio hura.
Zein da Khea Ziater konpainiaren estiloa?
Gure lanei film eszenikoak deitzen diegu. Beti nahasten ditugu zinemaren kodeak eszenatokikoekin, hori da gure zigilua. Beti bideo-grabaketak daude, kamerak oholtzan bertan, oholtza eta pantailaren artean suertatzen diren harremanak… Izan ere, oholtzan dagoen pertsonaia batek pantailan dagoen beste batekin hitz egiten du sarritan. Topatu ditugun errekurtsoak horiek izan dira: eszena eta zinea, bai estetikoki, bai narratiboki erlazionatzen dituzten kodeak.
‘Scrooge eta mamuak’ film eszenikoa da. Nola ezberdintzen dira antzezlana eta film eszenikoa dramaturgiari dagokionez?
Gauzak kontatzeko moduaren nolakotasuna kontuan hartu behar da: zer kontatuko duzun bideoen bitartez, nola lotuko dituzun bideoak eszenarekin… ze bestela horretarako pelikula bat sortzen duzu, besterik gabe. Hau da, ikus-entzunezko errekurtsoak aprobetxatzen jakin behar duzu oholtzarekin konektatzeko. Ohiko an-tzezlanetan aktoreen ekintzetan, mugimenduetan eta testuaren interpretazioan pentsatu behar duzu, noski. Kasu honetan, eszena bakoi-tza bideoarekin lotzea ezinbestekoa da, dramaturgiari zentzu orokor bat nola eman pentsatu behar duzu.
Aurreko hilabetean estreinatu zenutela eta gabonetan oinarritutako istorioa dela kontuan hartuta, gabonen presentzia murriztu, eta nolabait, obraren beste alderdi batzuk azpimarratzea lortu duzuela esango zenuke?
Bai. Konturatu nintzen ez nuela gabonen inguruan hitz egin nahi; beraz, gabonen ordez maitasunaren inguruan hitz egin dugu. Nire ustez gaur egun garrantzitsuagoa da maitasunean sinestea gabonetan baino.
Beraz, zein esango zenuke dela film eszenikoak helarazten duen mezua?
Pertsonak behar ditugula, eta horretarako ezinbestekoa dela hurbiltzea, zaintzea eta maitatzea. Scrooge oso diruzalea da, horren ondorioz bere inguruko jendea ahaztu egin du, nolabait, bihotza izoztu egin zaio. Mamuek erakusten diote, ordea, ez badu hori aldatzen bakarrik geldituko eta zenduko dela. Maitasuna da garrantzitsuena.
Obra moldaketa dela kontuan izanda, zein berrikuntza daude antzezlanean?
Argi neukan XIX. mendeko Londresen ez nuela kokatu nahi. Gaur egunera ekarri nahi nuen, eta horrek pista asko eman zizkidan sortzerakoan; izan ere, eleberriaren egitura mantendu arren, argi geratzen da moldaketa bat dela. Beste aldaketa nabarmena gaia izango litzateke: maitasuna da oinarria, ez gabonak. Hau da, nobelan ez bezala, pertsonaiak ez du maitasunean sinesten, gabonetan beharrean. Bestetik, eleberrian agertzen den langileak, Bob Cratchitek, seme-alaba asko ditu, garai hartako familiak bezala; film eszenikoan, aldiz, langilea Roberta da, guraso bakarra den ama. Hor agerikoa da zertan eguneratu dugun obra. Azkenik, musikaren alde soziala; obran agertzen diren gaiak, ez ditugu hainbeste azpimarratu. Maitasunarekin zerikusia duten tramak nabarmendu ditugu.

‘Scrooge eta mamuak’ an-tzezlanaren irudia.
Nola lortu duzue obran nolabait mistikoak diren pertsonaiak edota egoerak eszenaratzea?
Adibidez, mamuak panpinen bidez irudikatuko genituela erabaki genuen. Gainera, mamuek Scroogekin bidaiatzen duten uneak bideoen bitartez erakutsi ditugu, une aproposak baitziren. Bestetik, hegan egiteko, kroma erabili dugu. Hau da, ikus-entzunezko hainbat baliabide aprobetxatu ditugu.
Jada hainbat film eszeniko ekoiztu dituzue. Hau haurrentzako bideratutako lehena izanda, esperientzia berria suertatu zaizue?
Bai. Alde batetik, lehen aldiz panpinak sartu ditugu, hori teknika berri bat izan da: panpinak, antzezleak eta bideoak bateratzea. Ezberdina izan da seguraski publikoa berdina ez delako. Egia esan, obra infantilizatzearen beldur ginen, baita tonua zein izango zen erabakitzerakoan ere. Horretarako, noizbehinka taldekideen umeak ekartzen genituen eszenek nola fun-tzionatzen zuten ikusteko. Askotan dibertigarriagoa izan da, lizentzia ba-tzuk hartzen dituzu helduen an-tzerkientzako hartzen ez dituzunak: kroma, panpinak, ahotsak…