Buscar
Cultura

“Beti sortu dut barruko gauzetatik eta pentsatzen dut hori dela nire esentzia”

Bere hirugarren lana kaleratu du Olatz Salvador musikariak: ‘Zainak eman’. Beste estilo eta estetika bat uztartu nahi izan ditu
Olatz Salvador musikariak ‘Zainak eman’ lana aurkeztu du, pop elektroniz jantzia.
Olatz Salvador musikariak ‘Zainak eman’ lana aurkeztu du, pop elektroniz jantzia. / MAITANE CAMPOS

Actualizado hace 8 minutos

Irailaren 25ean izan genuen lehen aldiz Olatz Salvadorren hirugarren lana osorik entzuteko aukera: Zainak eman. Basan eta Gerorik balego abestien aurrerapena jaso zuen publikoak aurretik. Disko berria hamar abestiz osatuta dago, eta, horien artean, hainbat kolaborazio daude. Abesten Alba Moreno eta Izaro Andres ibili dira Olatz Salvadorren ondoan, eta hitzetan ere laguntza izan du sortzaileak.

Diskoaren berrikuntza handiena, estetika ez ezik, musika elektronikoaren presentzia izan da. Salvadorrek aurretik landutako estiloa da, baina hirugarren disko honetan, pop elektronikoa da nagusi. Bere buruarekin lotzen dugun gitarra entzuten jarraituko dugu, noski, Zainak eman lanean Olatz Salvadorren esentzia mantentzen da; baina, aldi berean, abeslariaren aro berri bati hasiera izan liteke diskoa.

Aurkezpen-saio batzuk antolatu eta gero, Olatz Salvador bira berrian murgildu da. Zuzenekoei dagokionez, argi gelditu da dantza egiteko garaia heldu dela, nahiz eta dantza egitera mugitzen gaituen hori ezohikoak zaizkigun emozioak izan.

‘Zainak eman’ diskoarekin, esango zenuke garai bat atzean utzi duzula beste bati hasiera emateko?

Bai, azkenean disko bakoitzarekin aro berri bat hasten da, eta kasu honetan bereziki egon da haustura bat besteekiko estilo aldetik. Pentsatzen dut beste estetika bat daukala, disko honek eta era askotan apurtu duela orain arte egin dudanarekin.

Zein berrikuntza daude ‘Zainak eman’ landan?

Elektronika beti egon den nire lanetan, beti izan du presentzia; baina, kasu honetan areagotu egin da. Badaude a priori atseginak ez diren soinuak. Saiatu naiz zikintasunari eta iluntasunari leku bat ematen, eta pixka bat hortik esango nuke etor daitekeela berrikuntzaren zati bat. Ahotsean ere efektuak sartu ditut. Esaterako, nahiz eta instrumentuak modu organikoan jo ditugun, gero efektuen bitartez prozesatu eta zikindu ditugu. Hortik ibili naiz.

Zelan deskribatuko zenuke publikoak aurkituko duen Olatz Salvador hau?

Aurreko diskoa justu pandemiaren aro bete horretan egin genuen, eta distantziak, musukoak, hoztasuna, aseptikotasun hori nabaritu genuen… pentsatzen dut orain kontrakoa bilatu dugula. Aurkezpen kontzertu gehienak zutik egoteko aretoetan dira. Batzuk egin ditugu jada eta jendeak aukera dauka dan-tza egiteko, eta pentsatzen dut horrek askatasun gehiago ematen digula denoi.

Diskoa bainoago, nondik jaiotzen da aldaketarako erakutsi duzun grina?

Gogoa nuelako etorri da aldaketa. Agian, beharra ere bai haustura baterako. Baneukan gogoa aldaketa bat egiteko, garapen bat, bide bat... pixka bat hortik joan da dena. Ez dakit, orain artekoa bere garaian horrela egitea erabaki nuen, baina orain beste motibazio batzuk eraman naute hona, gauza berriak probatzeko grina.

Alegia, esperimentazio prozesua izan da?

Bai, Katalunian egin dut ekoizpena eta ekoizpen etxekoekin aritu gara abestietan lanean. Ekoizpen estudioan sartu, kantak biluzik jo, eta hortik aurrera geruzak eraikitzen joan ga, gauzak probatzen… Eta pixka bat jolas moduan eraiki dugu diskoa. Pentsa-tzen dut esperimentaziorako tartea izan dugula prozesuan zehar.

Eta aske sentitu zara esperimentazio prozesu horretan?

Zain hitzarekin egon naiz bueltaka izenburua sortzeko. Zainak eman esamolde bat da, eta susmatu hitzaren sinonimo bezala erabil daiteke

Pentsatzen dut baietz. Gero, egia da ez garela guztiz aske, publiko baten-tzat egiten ditugunean gauzak, beste filtro bat gehiago pasatu behar dutela pentsatzen dut, nahiz eta inkon-tzientea izan. Saiatu naiz ahalik eta askeen izaten, ahal zenaren barruan.

Esperimentazio prozesua, nahiz eta aske sentitu zaren, gogorra izan da baita ere.

Ba egia esan, ez da erraza izan. Denboran asko luzatu den prozesu bat izan da. 2020tik zeuden hor lehenengo audio batzuk. Gorabehera asko izan ditut, aurreko bira bukatu nuenean, 2023ko martxoan, agortuta nengoen, ez neukan gogorik lan berririk egiteko. Orduan, baneuzkan zirriborro batzuk, baina erabaki nuen disko bati hasiera emateko motibazioa izan behar duzunez, ez zela momentua. Denbora eman nion nire buruari erabakitzeko lan berri bat egin nahi nuen edo ez. Gogoa piztu zitzaidanean, berriz ekin nion. Egia da izan ditudala sormenarekin lotuta blokeo dezente, nire buruari tiraka ibili naiz, baita ere letretan laguntza eskatu dut… Egia da ez dela izan nik nahi bezain emankorra, eta oso gorabeheratsua izan dela; beraz, bai, egon da zailtasunen bat bidetik.

Diskoaren izenak, zentzu batean, edukia deskribatzen du, ezta? Zainak eman dituzu eta zure barrenean gordeta zegoena atera duzu. Zer da barruan zegoen hori?

Hasteko, “zain” hitzaren inguruan egon naiz bueltaka, hortik dator izenburua. Zainak eman esamolde bat da, eta susmatu hitzaren sinonimo bat bezala erabili daiteke. Horrek eman zidan pista handi bat, azkenean intuizioa bada zerbait oso garrantzi-tsua sormen prozesuetan, nire ustez behintzat. Niretzat iparrorratza izan da bide honetan. Eman nahi nion garrantzi hori, eta gustatu zitzaidan baita ere gehienok orain arte esamolde hori ezagutzen ez genuenez, beste gauza batzuk irudika daitezkeela, ezta? Badaude hor hainbat mezu eta interpretazio egiteko aukerak, eta hitz horren inguruan ibili naiz bueltaka. Hitz horren inguruan, eta argi bilaketa izan da pixka bat prozesu hau guztia.

Barrurko hori protagonista izatea nahi zenuen. Gordinagoa dena, alegia. Zelan lortzen da hori?

Nik beti egin dut hori, beti sortu dut barruko gauzetatik eta pentsatzen dut hori dela nire esentzia, ezin dut beste era batera egin. Uste dut jende batek hori dela eskertzen duena, benetakotasun hori. Barrutik zuzenean sortutako gauza horiek badaukate alde batetik esposizioa handi bat eta agerian gelditze handi bat, baina beste alde batetik jendeak azkenean errazago konektatzen du horrekin justu horregatik.

Lan pertsonal honetan, Izaro Andres eta Alba Moreno izan dituzu zurekin.

Bai, beraiek kolaborazioak egin dituzte. Letretan ere beste kolaborazio ba-tzuk izan ditut. Kolaborazioen asuntoa, askotan, estrategikoagoa izan daiteke, adibidez, jarraitzaile gehiago dituen musikari batekin egiten baduzu, ate berri batzuk irekitzeko aukerak lortu ahal dituzu… Kasu honetan, kontrakoa izan da, gertutasunezko harremanetatik bilatu ditut kolaborazioak, espazio eroso batean egoteko berme horrekin. Lagunen artean lan egite hori bilatu dut.

Haiek ez ezik, hitzetan laguntza behar izan duzula adierazi duzu. Laguntzaileen artean, denak emakumeak dira, eta letrekin arituak: bertsolariak eta poeta bat.

Azkenean, emakumeek nire bizitzan presentzia daukate, agian gizonek baino gehiago. Alde batetik, ateratzen zaidana da, eta beste alde batetik, agian gehiago konektatzen dut emakume bezala ere bai. Ni ere emakumea naiz eta identifikazio maila handiagoa da. Musika hain espazio maskulinizatuta izanda, inoiz ez dago soberan, nik beti eskertzen dut asko emakumeekin lan egitea.

Kontzertu garaia heldu den honetan, zelan konbinatzen dute zure lehenengo bi lanetako Olatzek, eta azken disko honetakoak?

Errepertorio aldetik saiatu ginen orekatzen. Hasieran, guri ere arraroa egiten zitzaigun nahasketa. Egia da ordena nahiko pentsatuta dagoela, eta orain arte konbinazioak ondo fun-tzionatu du. Aurreko kantak jende gehiagok ezagutzen ditu eta harrera beroagoa izan dezakete, baina kanta berriek ere izan dute. Lortu dugu ematea erritmo orekatu bat.

Kontzertuetan, beraz, aro ezberdinetako Olatz horiek egongo dira presente.

Bai, gutxi gorabehera, errepertorioaren erdia disko berrian dauden kantak dira eta gero beste erdiak, beste bi lanetakoak dira.

Bira hasi duzu jada. Lehen publikoarentzat lan egiten dela aipatu duzu… Zerbait berria antzematen duzu publikoaren partetik?

Azkenean, disko hau dantzagarriagoa daiteke momentu batzuetan eta bai ikusi dudala publikoak horri eran-tzun bat eman diola. Publikoari nabaritzen saio gogoa dantzarako, liberazio horretarako gogoa. Hortik nabaritzen dut zerbait berria. Egia da publikoa beti presente izan dudala, baina azkenean disko bat sortzen duzunean zuretzat izan behar da eta zuri gustatu behar zaizu. Gero, iritsiko da iritsi beharrekoa, baina ez bada hori gertatzen eta kanpora begira egindako lan bat bizan balitz, akats bat izango litzateke.

Dantzagarriagoa dela esan duzu, baina aldi berean, kantak eta hitzak, barrutik ateratzen diren horiek, emozioekin lotura dute. Dantzarekin lotura izan duen alaitasuna alde batera utzi dugu eta beste emozio guzti horiekin ere dantzan ikasi dugu?

Bai, hori da. Hau gustatzen zitzaidan eta presente neukan ekoizleekin. Nahiz eta kantak ez izan alaiak, bai iruditu zait dantza askatzailea dela, eta dantzak berak eraman ahal zaitu beste leku batera. Hitzetan ere adierazten da hori, ezjakintasun honen erdian, nahiz eta ez jakin nora helduko garen, goazen dantza egitera. Jarrera kontu gisa uler daiteke, eta niretzat oholtzan egoteko beste era bat eman dit eta askoz erosoago ikusi dut nire burua azkeneko kontzertu hauetan.

2024-12-02T17:25:17+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo