Nafarroako soinuei zabalpena emateko asmoz sortu zen Mielotxin taldea orain bi hamarkada. Euskal Herriko eta nazioarteko oholtzetan ibili dira urtez urte, entzuleen gerriak astindu asmoz. Urteotan guztiotan taldeak bilakaera ugari izan ditu: formatuan, kideetan eta soinuetan, besteak beste. Orain, urtemugaren aitzakian, beren kantu jada mitikoetako batzuen bilduma osatzen ari dira, baita kon-tzertu berezia prestatzen ere. Iruñeko Gayarren egingo dute gaur bertan lehen emanaldia. Taldea jaiotzen ikusi zuen herrian, Tafallan, ere izanen dira aurki.
Igor Martinez (Atarrabia, Nafarroa, 2000) txistularia da taldean. Baina, instrumentu gehiago ere jotzen ditu Mielotxin taldera batu zenetik: ttun ttuna, alboka, pianoa, txirula, eta ahotsa ere bai. Orain bi urte pasatxo gehitu zitzaien Atarrabiakoa, eta kontatu du ilusio berezia egin ziola proposamenak, txikitatik segitu baitu taldea: “Lehen diskoa etxean jartzen genuela gogoratzen dut, eta Zangozara joaten ginela aitite eta amamarekin”. Aurreko txistulariak utzi zuenean, eta proposamena egin zionean, ezin izan zuen ezetzik esan Martinezek. Taldekide berria izanagatik ere, azaldu du“erraz” egokitu zela, hain justu, kanta guztiak ezagun zituelako. Hala ere, kontzertuei ekin aurretik “ahalegin handia” egin behar izan zuela ere adierazi du. “Ismaelek [aurreko txistulariak] txistua eta teklatua aldi berean jotzen zituen, eta hori egiten ikasi behar izan dut”.
BIDEA OSPATZEN
Hasieran, boskote moduan ekin zioten taldeari. Kuarteto eta hirukote ere izan dira. Kide zaharrak joan eta berriak etorri. Modu naturalean betiere. Bost disko egin dituzte orain arteko bidean. Eskuartean lan berri bat dutela azaldu du Martinezek “urteurrenaren aitzakiarekin”. Dagoeneko entzungai daude sarean taldearen lau kanta berri, eta asmoa dute gehiago egiten joatea, ospakizun gisara.
Hasiera-hasieratik eutsi nahi izan diote folkaren bideari. “Nafarroako eta Euskal Herriko kantutegiaren errepertorioa modu ezberdinean interpretatzea zen helburua”, azaldu du txistulariak. Hasiera hartan, Enpápale (2005) izeneko diskoarekin esan zieten ez zela guztiz folka egiten zuten hori. Esperimentatzen eta soinuak probatzen joan dira. Esaterako, kaleratu zuten azkenengo lana Ordago (2021) nafar jotaren bueltan egin zuten. Jotak baditu zale asko, eta gustuko ez duen jende asko ere bada aldi berean. Noelia Compains jotariarekin lan egin zuten orduko hartan, hain justu, modu berezian proposatzen zuten hain navarrikoa den jotaren musika. Martinezen hitzetan, “egia da, atseginago suertatzen dela”. Egiten dabiltzana, ordea, hasieratik azken urteetara egindako kantuen aukeraketa bat izango da, baina, gonbidatuekin. “Hogei urte hauetan gurekin, taldearekin, izan diren lagunak gonbidatu ditugu”, azaldu du.
Kontzertuak, jakina da, ez dira beti berdinak. Baina, are, Mielotxin taldeak, lau kontzertu mota eskain-tzen ditu. Betikoa, Lauarin dantzariekin eskaintzen dutena, Hutsun txalapartariekin egiten dutena eta azken bi horiekin elkarrekin ere egin izan dute. Gayarrekoa berezia izanen dela aurreratu dute. Hutsun eta Lauarineko kideez gain, beste batzuk ere izango dira: Izaskun Iturri dantzari ohia, Asier Kapon soinujolea, Joakin Taboada piano jo-lea, Malatxo txarangako kideak, Pipo Refojo taldearen aspaldiko laguna... Iruñeko aretoa ez da euren plaza ohikoena, aurretik izan diren arren. Ildo horretatik, Atarrabiakoak honakoa esan du: “Ez dugu jendea dantzan jarriko, espazioagatik. Baina, izango da kontzertu bat beste modu batera entzuteko, goza-tzeko eta gogoratzeko”.
BERRITZEA, EZINBESTEAN
Asko dira folklorearen zaleak, ez musikarenak bakarrik, dantzarenak, ohiturenak eta beste adierazpide batzuenak ere bai. Baina, azken aldian, badirudi beste estilo batzuetan topatzen dituztela atseginagoak zaizkien kantuak. Martinezek aitortu du taldean horren gainean jardun direla. “Ematen du elektronika base bat gehitu behar zaiola, gazteengana heltzeko”, esan du Martinezek, eta hari horretatik gehitu, jendea “liluratuta” geratzen dela albokaren soinu hutsa entzutearekin. Azaldu du berak ere lan egin izan duela base elektroniko horiekin, baina ez da horretara mugatu: “Bide berriak frogatu behar dira, ez dakit zer punturaino den bakarrik elektronika”. Irakurketa edo gogoeta hori ez du bere taldeetarako bakarrik planteatzen, musikari guztiei, eta bereziki folketik gertu aritzen direnei, luzatzen die “bide berriak sortu, eta aukera gehiago izateko”.
Hain justu, aukera horiek aztertzen segituko dutela iragarri dute. Mielotxinek bide luzea egin du, eta aurretik ere badu zer ibilia. Nafarroako hotsak euskal lurraldearen luze eta zabalean aditzera eramaten segituko dute, baita atzerrira ere. Txistulariak kontatu duenez, aukera izan dute beste herri batzuetara bidaiatzeko, eta bertan ikusi eta ikasitakoak ez dira gutxi izan, folka bizirik den seinale.