Bilboko Udalak 1.344.265,03 euroko aurrekontua bideratuko du, BEZa kanpo, Otxarkoagako Garate kalearen inguruan bi igogailu jartzeko. Lanak dagoeneko hasi dira, eta ekimen honekin auzoan irisgarritasuna hobetuko du Udalak.
Igogailu horiek eraikitzeaz batera, hirugarren jarduketa bat ere aurreikusten du proiektuak: oinezkoentzako zenbait bide egitea Garaizarreko landetan.
Udalaren helburua da auzo barruko mugikortasuna hobetzea, dauden arkitektura-oztopoak gainditzea, eta ibilbide irisgarriak sortzea, bai Otxarkoagako guneen artean, baita auzo horren eta Txurdinagaren arteko loturetan ere.
Hiru esku-hartzeak egingo dira Garate kaleak hegotik iparrera egituratutako eremu geografiko batean. Kale hori oso aldapatsua da: zati batzuetan, % 15erainoko malda dago.
Jarduketa-eremuaren goialdearen eta beheko aldearen artean, 37 metroko desnibela dago, gutxi gorabehera, eta hiri-ingurunea da: plataforma horizontalen gainean eraikitako etxebizitzak, berdeguneak, haur-parkeak, landak eta ostalaritza-negozioak daude bertan. Gaur egun, kaleak lotuta daude eskailera luzeen bitartez eta aldapa handiko zeharkako kaleen bidez.
Beheko igogailu bertikala
Lehenengo igogailuak Garate kaleko beheko aldeari emango dio zerbitzua. CIFP Txurdinaga LHII ikastetxetik, eta Jesus Galindez etorbidea eta Ornilla Doktorearen kalea lotzen dituen biribilgunetik hurbil kokatuta egongo da.
Izan ere, Jesus Galindez etorbidearen eta Garate kalearen artean dagoen ezpondan sartuta egongo da igogailua. Guztira, 14,76 metroko desnibela gaindituko du, eta geraleku bi izango ditu, 180 gradutara.
Nukleo bertikala eta egitura metalikoa izango ditu, eta aldeetako batean beira xaflatua egongo da. Beste hiru aldeetan, berriz, fatxada aireztatuen panelak jarriko dira.
Igogailuaren goiko irteera eta urbanizazioa lotuko dira 16,27 metro luze izango den metalezko pasabide baten bidez.
13 lagunentzako edukiera izango du, eta bideoz zainduta egongo da, eguneko 24 orduetan.
Gaur egun, Jesus Galindez etorbidea (beheko aldean) eta Garate kaleko 1., 2., 3., 4. eta 5. zenbakiak (goiko aldean) lotzen dituzten eskailera batzuk daude. Bi guneen artean, egoteko leku txiki bat dago, Ugarte kaleko 30. eta 32. zenbakietarako sarbidea ematen duena.
Goiko igogailu bertikala
Goiko igogailua Garaizar kaleko bazterbide txiki batean hasiko da, kale horretako 12. eta 14. blokeen artean, eta Garate kalean amaituko da.
Ezpondan sartuta egongo da, eta, guztira, 17,7 metroko desnibela gaindituko du.
Beste igogailuak bezala, honek ere 180 gradutan egongo diren bi geraleku, eta nukleo bertikala eta metalezko egitura izango ditu; baina, kasu honetan, beira xaflatuzkoak izango dira alde guztiak.
Igogailuaren goiko irteera eta urbanizazioa lotu egingo dira 18,32 metro luze izango den metalezko pasabide baten bidez.
Beheko igogailu mekanikoak bezalaxe, honek ere 13 lagunentzako edukiera izango du, eta bideoz zainduta egongo da, eguneko 24 orduetan zehar.
Bideak, Garaizarreko landetan
Garaizarreko landak izeneko eremua Garaizar kaleak, iparraldean, Ugarte kaleak, hegoaldean, eta Garate kaleak, mendebaldean, mugatutako gunea da.
Ingurune hartan komunikazio-ardatz irisgarriak egituratzen jarraitzeko, zenbait arrapala eta sigi-saga egingo dira, Ugarte eta Garaizar kaleak lotzeko. Horiei esker, 11 metro inguruko desnibela, eta % 14,4rainoko aldapak gaindituko dira.
Gainera, aurreikusita dago ibilbidearen erdian oinezkoentzako pasabide bat eraikitzea, proiektatutako bideekin haurrentzako jolas-parkerako irisgarritasuna hobetzeko.
Helburua da eremu hartan irisgarritasun integraleko ardatz bat sortzea, lehenengo igogailutik bigarrenera, bide berri horien bitartez. Lau puntutatik iritsi ahalko da bideotara: Garaizar kaleko bi lekutatik, haurrentzako jolas-parketik, eta Ugarte kaleko 28. zenbakitik.
Obrak
Obrak aste honetan hasiko dira, eta zatika egingo dira, inguruneko urbanizazioarekin batera. Zentzu horretan, lanen eremua berrurbanizatu, eta eragindako parterreak berregokituko dira. Gainera, hiri-altzari berriak (paperontziak) jarriko dira, eta babes-barandak ere bai.
Horrez gain, euri-uren sarea eta argiztatze-sarea egokituko dira (bigarren horren kasuan, argi berriak jarriko dira markesina eta igogailuetan), eta zuntz optikoaren linea berria jarriko da.