Gipuzkoa

Bi kiroletan aritzea multikirola da?

Usurbilgo haurrak Zirimara programako ekintza batean parte hartzen. | ARGAZKIA: N.G.

Asteazken honetan Usurbilgo Udalak multikirolen inguruko hausnarketa bati hasiera emango dio. Konkretuki, LH5 eta LH6ko mailetako eskaintzan jarriko dute arreta, hausnarketa modu kolektiboan egin nahian. Saio guztiak (asteazken honetan, otsailaren 22an eta martxoaren 15ean) Potxoenean izango dira, 18.30ean.

Guztira, hiru saio antolatu dituzte: lehenengoan, gaiaren inguruko kokapen orokorra egingo dute; bigarrengoan, Usurbilgo errealitateaz jardungo dute, eta, hirugarrengoan, berriz, proposamen zehatzak landuko dituzte.

Biharko saiorako lau aditu gonbidatu dituzte multikirolen inguruko gai bana lantzeko. Saio honetan parte hartzeko beharrezkoa izango da gonbidapena eskuratzea Usurbil Kultura webgunearen bitartez (usurbilkultura.eus).

Prozesu honen aurkezpenean Beñat Larrañaga zinegotziak jakitera eman zuenez, multikirolen inguruko hausnarketa egiteko beharra, besteak beste, mahai gainean jarri zen Aktibatzen, jarduera fisikoa eta kirola denon eskura parte-hartze prozesuan, eta Plan Estrategikoan lan-ildo gisa bezala ere jaso zuten.

Larrañagak azaldu zuenez, duela bospasei urte egin zen Usurbilen Eskola Kirola eraldatzeko lehenengo ahalegina, eta hala sortu zen Zirimara programa. Zinegotziaren esanetan, urtez urte indartu egin da proiektua. Adibidez, talde bana sortu dira Zubietan eta Aginagan, Zirimara familian proiektuari esker.

Aldiz, gaur egun, LH5 eta LH6 mailetan, Usurbilen, Eskola Kirolan urte erdiz futbolean eta urte erdiz eskubaloian aritzen dira, eta sexuaren arabera egiten dira taldeak.

Hainbat galdera sortzen zaizkigu: ea multikirola deitzen duguna bi kiroletara murriztu behar dugun edo kirol gehiagotara ireki, edo taldeak sexuaren arabera banatu behar ditugun, eta abar”, azaldu zuen Larrañagak.

Hausnarketa modu kolektiboan egin nahi dute, eta heziketaren eta kirolen alorrean aritzen diren norbanako zein taldeez gain, interesa izan dezakeen herritar eta guraso orok parte har dezake.

01/02/2023