Larunbatean, Bi-Tartean merkatari elkarteak Ber4 kanpainaren amaiera ekitaldia egin zuen Pagoeta gune soziokulturalean. Bertan, aurten erretiroa hartu duten bazkideak omendu zituzten.
Omenduak Salegi harategiko Fernando Salegi eta Mailu Odriozola, Ederrena etxetresna-dendako Jose Luis Madina eta Rosa Hernandez, Lorea drogeriko Ana Elgarresta eta Oiarbide oinetako-dendako Andres Oiarbide eta Lurdes Garikano dira.
Ekitaldia merkatari, elkarte, sortzaile eta herritarren arteko topaketa izan zen. Oihane Vicentek, Uxue Kerejetak eta Andoni Salamerok dantza, musika eta poesia ikuskizuna egin zuten, Urretxu eta Zumarragako elkarteei beraien ekarpena eskertu zieten, aurten jubilatu diren Bi-Tarteaneko bazkideei omenaldia egin zieten, kanpainaren ikus-entzunezkoa eman zuten, sortzaileek egindako mantalak erakutsi zituzten eta mokadutxoa egin zuten. Ber4 kanpainan, Bi-Tartean elkarteak herritarren praka bakero zaharrak jaso ditu eta horiekin mantalak egin ditu. Mantal horietako gehienak Urretxu eta Zumarragako elkarteei oparitu dizkie.
Gaurtik hilaren 25era, Urretxuko eta Zumarragako sortzaileek egin dituzten mantalen erakusketa egingo da Zelai Arizti kultur etxeko sarreran. Mantal horiek (30) erakusketak iraun bitartean kanpainara atxikitako establezimenduetan erosketak egiten dituztenen artean zozkatuko dira. – A.Z.