Navarra

Bianca, Veneziako inauterietako erraldoia Elizondon

Enaitz Goñi Erausquinek bere erraldoi berriaren aurkezpen publikoa egin zuen larunbatean, ikusmin handipean
Elizondoko Foruen Plazan egin zen erraldoiaren aurkezpena.

Larunbat arratsaldean Elizondon Enaitz Goñi Erausquinek bere erraldoi berria aurkeztu zuen publikoki. Aitzineko egunetan egindako iragarpenak ikusmin handia piztua zuen, eta jendea guztiz asebetea gelditu zen Enaitzek aurkeztutako erraldoi berriarekin.

Iaz eskuratu zuen hainbertze amestutako erraldoia, Aitor Callejak, maisuki egindakoa.Veneziako inauterietan inspiraturiko erraldoia da, Bianca izenekoa. Soineko dotoreaz jantzia, koroa moduko batekin eta inauterietako ohiko maskara aurpegian. Dena den, maskara ere ken dakioke eta hau kendutakoan emakume aurpegi eder bat bistaratzen da, lerdena, garbia.

Enaitzek berak azaldu zuenez, eta herrian ere ezaguna denez, ttipi-ttipitatik arras gustuko izan ditu erraldoiak, eta bere gurasoek duela urte batzuk bat egin zioten, baina dagoeneko ttipiegia zen, eta ber ilusioa erraldoi handi bat dantzatzea zen. Gaztetxoa izanagatik urteetako esperientzia du erraldoiak dantzatzen, eta nabarmendu zuenez, aurten lehenbiziko aldiz dantzatu ditu Donezteben eta Elizondon erraldoi handiak. Lehenagotik, etxean egindakoa, eta Elizondoko Konpartsaren erraldoi ertainak, dantzatu izan ditu.

Sagardogileekin batera lehenbiziko kalejira egin zuen Biancak. Juan Mari Ondikol

Goñik argitu zuen, erraldoi berritzaile bat egin nahi zuela, izan ere, Elizondon Fernando eta Isabel Errege katolikoak Enrique eta Margarita Nafarroako erregeak, eta duela lau urtetik, Jaime Velaz de Medrano Amaiurko gazteluko alkaidea eta bere emaztea eginak zituzten, Jo ala Joren sagardogileekin batera. Enaitzek bertze motako erraldoi bat nahi zuen, eta baita erdietsi ere. Kontent agertu zuen bere erraldoia jende artera, eta herriak ere zorionez hartu zuen berritasuna.

09/08/2022