Buscar
Gipuzkoa

Bidasoa Ibilbidea hobetzeko lanak astelehenean hasiko dira Hondarribian

Trafikoa bi astez itxiko da, baina Bernart Etxepare kalea bi noranzkoa izango da
Gonzalo Carrión Obra eta Zerbitzuetako zinegotzia eta Txomin Sagarzazu alkatea. | ARGAZKIA: N.G.
Gonzalo Carrión Obra eta Zerbitzuetako zinegotzia eta Txomin Sagarzazu alkatea. | ARGAZKIA: N.G.

Kalez Kale Hondarribia hobetzen lan-programak aurrera jarraitzen du. Astelehenetik aurrera, Bidasoa Ibilbidean eta Irun eta Axular kaleetan fresatze, asfaltatze eta margotze lanak egingo dira, eta, ondorioz, trafikoa bi astez itxita egongo da. Hala jakinarazi zuten atzo Txomin Sagarzazu alkateak eta Gonzalo Carrión Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak, inguru horretan bertan.

“Jakitun gara horrek sortuko dituen arazoak handiak izango direla hondarribiar askoren egunerokotasunean. Ahal den neurrian horri aurre egiteko, bi aste horietan Bentako aparkalekuan eta Portuko kaleetan TAO zerbitzua bertan behera utziko dugu”, azaldu zuen zinegotziak.

Bestalde, Bernat Etxepare kalea bi noranzkokoa izango da eta Bentako aparkalekura sartzeko kale horretatik egin beharko da. Bestalde, aipatu behar da Bidasoa Ibilbideko eta Irun kaleko kontenedoreak tokiz mugituko direla, Sabino Arana kalera.

Txomin Sagarzazu alkateak hurrengoa adierazi zuen atzo: “Iazko martxoaren hasieran aurkeztu genuen Kalez Kale Hondarribia hobetzen ekintza plan integrala, hondarribiarentzat mugikortasun bidezkoagoa, iraunkorragoa eta seguruagoa lortu nahi duena, edozein garraiobide erabiltzen dela ere. Ordutik, Hondarribiko hainbat gune hobetu dira, oinezkoa eta bizikleta lehenetsiz, ondoren garraio publikoa eta azkenik, ibilgailu pribatua. Ordutik, Udalak Gibeleta kalea birrurbanizatu du Mendelun, baita Kosta kalea, Txiplao industrialdea, Errebellin kalea, Harresilanda kalea, Donostia kalea, eta berrikiago, Nestor Basterretxea eta Baserritar Etorbidea kaleak ere”. l

2023-02-19T01:09:02+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo