Irun – Nazioarteko konpromisoak zirela eta hamaika eguneko geldialdiaren ostean, gaur itzuliko da (20.15ean) Asobal Liga Artalekura Bidasoa-Irun eta Angel Ximenez Puente Genil taldeen arteko partidarekin. Oso helburu desberdinak dituzte bi taldeek, baina garaipena ezinbestekoa dute txapelketa amaitzeko zazpi jardunaldiren faltan.
Fraikin Granollers taldearen azken berdinketaren ondoren irundarrek bigarren postuari eutsi nahi diote, eta gainera, albiste onak jaso dituzte erizaindegitik: izan ere, azken bi jardunalditan min hartuta egon den Iñaki Cavero eta otsailaren erdialdean eskuin eskuko hatz lodia hautsi zuen Jon Azkue osatuta baitaude.
Kauldi Odriozola dabil kili-kolo, min hartu baitzuen orkatilan Navaren aurkako partidan. "Azkue eta Cavero normaltasunez entrenatu dira" baieztatu zuen Jacobo Cuétara entrenatzaileak atzo, partida bezperako prentsaurrekoan.
"Cavero geldirik egon bada ere, oso erritmo onarekin zegoen. Jon Azkuek, aldiz, denbora gehiago beharko du sasoian jartzeko, nahiz eta egote hutsarekin izugarri laguntzen digun jokalaria izan. %50ean ere oso lagungarri izango da taldearentzat, eta oso ondo etorriko zaigu azken txanpa honetarako, freskotasuna ekarriko digulako", adierazi zuen entrenatzaile asturiarrak.
Kauldi Odriozolari buruz, haren parte hartzea azken entrenamenduaren baitan egongo dela esan zuen, egunotan ez baita taldearekin jardun, eta zalantzak zituela aitortu zuen. "Guk baietz uste eta nahi izan arren", aipatu zuen baikor Cuetarak.
aRERIOA Talde andaluziarra mailari eusteko borrokan murgilduta dabil buru-belarri. Azken bost partidetan lau galdu arren Bidasoan ez dira fio.
"Une honetan, liga osoko joko maila gainbehera etorri da. Nekea izugarri antzematen da taldeetan, eta partidak ez dira garai bateko kalitate mailakoak", azaldu zuen Cuetarak.
Eta argi esan zuen: "Gaur egun ia talde guztiek dute zerbait jokoan, erdiko trantsizio-eremuan oso talde gutxi baitaude. Puente Genil jaitsiera saihesteko borrokan ari da eta, jakina, partida guztiak amorratzen lehiatuko ditu, jokoan dutena ez baita txantxetakoa".
Garaipena lortzekotan, bere taldeak defentsan nagusitu beharko duela aipatu zuen entrenatzaile bidasotarrak: "Puente Genilek, banaka-banaka hartuta oso jokalari onak ditu, gol asko sartzeko gauza direnak, urrutitik jaurtitzen badakitenak eta bat baten kontra oso abilak. Euskarri erabakigarria daukate eta hegaleko oso azkarrak", nabarmendu zuen.
"Maila indibidualean oso talde borobila da, eta asmatuz gero edonori arazoak sortzeko gauza dira, defentsan haiei eusteko gai izan ezean. Horregatik iruditzen zait funtsezkoa gure defentsa-maila eman ahal izatea", gaineratu zuen.
Bidasoaren fitxaketa Azpimarratzekoa da Angel Ximenez Puente Genil taldean, Bidasoa Irunek datorren denboraldirako fitxatu duen Mihajlo Mitic hegaleko serbiarra izango dela.
"Puente Genil amorratzen etorriko da, ikaragarri baitu jokoan: salbazioa"
JAcobo Cuétara
Bidasoa Irun taldeko entrenatzailea